Egoera larria dela-eta laguntza eskatu dute Vilamarxant-eko Guachinche Tagoro zentrotik. Bat egin dute deialdiarekin Elgetako Iratxe Bravok eta Elorrioko Aitziber Jaiok.
Elkartasun bilketa antolatu dute. Animaliendako janaria, botikak, sendaketak egiteko lehen sorospenetarako materiala eta garbiketa lanak egiteko materiala behar dituzte, besteak beste. "Herritar batek utzitako pabiloi batean jasoko dugu materiala. Ni arduratuko naiz", esan du Iratxe Bravok. Interesatuek Bravorekin jarri behar dute harremanetan: 687 01 05 73.
Elorrion ere egingo dute bilketa. Asmoa da batutako materiala Valentziara eramatea, zentrora bertara.
Zentroan zaldiak, ardiak, ahuntzak, txakurrak, katuak, oiloak, txerriak eta paumak dituzte. Dana denboraleak eragindako txikizioen ostean animalia gehiago agertu dira eta denei ganoraz jaten emateko arazoak dituzte.
Valentziara autoz
"Autoz egingo dugu bidea", esan du Bravok. "Aitziber eta biak joango gara. Beste inor animatzen bada ongi etorria izango da. Eta inork furgonetarik balu uzteko, oso ondo etorriko zaigu", gaineratu du. Asmoa dute eguaztenean ez bada eguenean hartzea Valentziarako bidea.