Pintxo eskaintza berezia izango da domekan Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 15a, 08:23

Aspaldiko urteetan, Pintxo Domeka egiten dute Elgetan, eta aurten herriko bost tabernek hartuko dute parte. Jainaga eta Narbaiza trikitilariak eta argazki lehiaketa ere izango dira. Ozkarbi elkarteak, aurretik, mendi irteera egingo du, Egoarbitzara.

Pintxoa miniaturazko sukaldaritza da, eta Elgetako bost tabernek ahalegin handia egingo dute bezeroei ahalik eta pintxo berezienak eskaintzeko domekan. Hala, 12:00etan hasita, pintxoen ibilbide gastronomikoa egiteko aukera izango da herrian; izan ere, gutxienez pintxo berezi bana eskainiko dute Bolatokiko, Haizeako, Janelako, Lolako eta Maialdeko ostalariek.

Bost geldialdikoa izango da, hortaz, aurtengo Pintxo Domekako ibilbidea. Badago jakin-mina herriko ostalariek aurten egingo dituzten berrikuntzak eta asmatuko dituzten pintxoen maila ikusteko.

Pintxoak, 2 eurotan

Pintxoen salmenta prezioa 2 eurokoa izango da, eta bezeroei pintxo bakoitzaren osagai guztiak zeintzuk diren asmatzeko erronka jarriko zaie aurten ere. Asmatzen dutenen artean bost sari zozketatuko dira; bat taberna bakoitzeko. Garrantzitsua da, beraz, pintxo bakoitza dastatu ostean osagaien zerrenda osatzea. Saria, herriko ostatuetan erabilgarri izango diren 20 euroko bost txartel.

Eguerdiko txikiteoa alaitzeko eta Pintxo Domeka girotzeko,trikiti doinuak iragarri ditu Udalak. Herrian aski ezagunak diren Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza ibiliko dira tabernaz taberna. Plazan emango diote hasiera Pintxo Domekako kale-jirari, eta, bata bestearen atzetik, herriko bost tabernetan eskainiko dituzte hainbat pieza.

Ozkarbik mendi irteera

Pintxoetarako gosea egiteko, aukera ona da mendi buelta batean parte hartzea. Ozkarbi elkarteak Egoarbitzarako txangoa antolatu du, domeka goizerako, azaroko egitarau bereziaren baitan. Ozkarbiko bazkide gazteendako ekintza da. Taldea 10:00etan elkartuko da, plazan, eta elkarrekin egingo dute tontorrerainoko joan-etorria. Ez dago zertan izena eman.

Argazki lehiaketa

Pintxo Domekarekin lotuta joango da argazki lehiaketa aurten ere. Udazken koloreak hartuta daude inguruak, eta Elgetako Udalak lau gai proposatuko ditu parte hartzaileek argazkiak atera ditzaten.

Argazki lehiaketan parte hartu nahi dutenek 11:45etik aurrera eman beharko dute izena, plazan. Udalak 12:00etan emango du lehiaketarako aukeratutako gaien berri, eta argazkilariek lau orduko tartea izango dute argazkiak atera, aukeraketa egin eta lauko sorta aurkezteko; argazki bat gai bakoitzeko. 16:00etarako aurkeztu beharko dira.

Sari bakarra egongo da jokoan: 50 euroko balioa duen txartela Elgetako komertzioetan erabiltzeko. Hala, sorta onenari emango dio saria epaimahaiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak