Goibekok eta Ozkarbik gonbidatuta, GH-321LP diskoa aurkeztuko du Badiolak Elgetan. Eibartarra rock psikodeliko eta progresibo anglo-saxoniarreko talde elektrikoetan aritu izan da orain arte, tartean Bilboko Sotomonte bandan. Pandemiaren etenak, ordea, kantu propioak sortzeko abagunea eskaini zion.
Hala, kalean du euskaraz abestutako hamar kantuz osaturiko lana. Etxean grabatu, nahastu eta masterizatutakoa da, eta Gaztelupeko Hotsak zigilupean ateratakoa. "Doinu xuxurlari eta pittin bat psikodelikoak gitarra soil batez interpretatzen dituen artista baten aurrean gaude", azaldu dute diskoetxetik. "Bakarka aurkezteak asko inposatzen du", dio Badiolak, baina pozik da jasotako lehen harrerarekin. Oso gustuko du 60ko hamarkadako revival folka, eta antzeman egiten da diskoan. Nick Drake eta Mikel Laboa moduko musikarien eragina sumatzen da bertan.
Kontzertua 19:30ean hasiko da. Sarreraren prezioa da 5 euro –3 euro Goibeko elkarteko bazkideendako–.