Gau Beltza prestatzeko lanetan ari dira elgetarrak ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 29a, 12:03

Aurreko urte batean eskolako ganbaran egindako tailer batean hustutako bi kalabaza.

Gaur arratsaldean egingo dute kalabazak husteko tailerra eskolako ganbaran eta eguen gauerako puska biltzea eta beldurrezko ibilbidea iragarri dituzte.

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan ospatzen da Gau Beltza edo Arimen Gaua. Hala, kalabazak hustu, aurpegi itxura eman eta kandelak pizteko egunak datoz. 

Gaua, beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak... Gazteendako erakargarriak diren osagai ugari ditu Gau Beltzak, eta azken urteetan ospakizunak herrian izan duen harrera da horren erakusle.

Maala guraso elkartearen gidaritzapean prestatu dituzte eguen iluntzeko ekintzak. 18:00etarako puska batzea antolatu dute, 19:00etan festa egingo dute frontoi zaharrean eta 20:30ean ipuin kontaketa edo beldurrezko ibilbidea.

Herri Eskolan ere jarduera bereziak egingo dituzte hilaren 31n. Zuzendaritzatik jakinarazi dute gaiarekin lotutako ekintzak egingo dituztela.

Aurretik, Josu Ozaitarekin bisita

Gau Beltzarekin lotuta urteetako kezka izan da jaia jatorri arrotzeko kutsua hartzen ari zela. Gaia ikertu duen Josu Ozaita antropologoa Elgetan izan zen aurreko astean. Eskolako ikasleekin elkartu zen lehenengo. Idatzitako Gau beltza liburuaren berri eman zien LH-4ko, LH-5eko eta LH-6ko ikasleei, Tertulia dialogikoak izeneko formatuko saioetan. Ozaitak herritarrentzako hitzaldia ere egin zuen iluntzean liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak