Berdin da izeneko taldeak irabazi zuen Sagardo Eguneko patata-tortilla txapelketa. Gainera, bi sari eskuratu zituen: zapore onenarena eta itxura onenarena. Taldeko kide Iker Herranek egingo du sukaldaritza ikastaroa Ozkarbi elkartean. Azaroaren 8an izango da, 19:00etan. Ozkarbiko bazkide gazteendako ikastaroa dela adierazi dute elkarteko ordezkariek. Interesatuek ozkarbi.elkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute azaroaren 6a baino lehen.
Musika, irteera eta boloak
Beste lau ekintzarekin osatzen da Ozkarbiren azaroko egitaraua. Hilaren 15ean Xabier Badiola eibartarraren kontzertua izango da eta 22an, Elgetako Biok taldearena. Azaroaren 17rako mendi irteera iragarri dute Egoarbitzara eta azaroaren 29rako, bola-joko txapelketa. Txapelketa 18:30ean hasiko da eta hiru kategoria egongo dira: 6-12 urte, 13-16 urte eta 17 urtetik gorakoak. Aurretik, 17:30ean, jolasak eta aurpegia margotzeko txokoa egongo dira.