Ahuntzen lasterketak laugarrena ere izango du

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 25a, 11:10

Intxortako Ahuntzak Trail taldeko kideak 2025eko lasterketa aurkezten.

Martxoaren 29rako iragarri dute eta iazko ibilbide bera izango dute bai ahuntzen lasterketak –21 km– bai antxumeenak –4 km–. 400 dortsal aterako dituzte eta eskuragarri egongo dira azaroaren 2tik aurrera Herrikrosa.eus atarian.

Hasi da atzerako kontaketa Intxortako Ahuntzak Trail lasterketaren laugarren ediziorako, eta antolatzaileak hasita daude lanean. Martxoaren 29rako iragarri dute proba, eta jakinarazi dute aurreko aldietan moduan bi lasterketa jokatuko direla; ahuntzena –16 urtetik gorakoak– eta antxumeena –12-16 urte artekoak–. "Iaz bezala, 350 dortsal egongo dira eskuragarri nagusien lasterketarako eta 50 dortsal gazteen probarako. Ahuntzen lasterketa 10:00etan abiatuko da eta antxumeena, berriz, hamar minutu lehenago, 09:50ean", azaldu du Intxortako Ahuntzak Trail taldeko Eleder Lozanok.

Elgetako trail taldeak martitzenean egin zuen laugarren edizioa aurkezteko agerraldia. Parte hartzaileak, antolatzaileak eta taldeko neska-mutikoak elkartu ziren kartel berria aurkeztu eta kirol hitzorduaren berri emateko.

Elgetako mendi lasterketak hiru urtetik gorako ibilbidea du dagoeneko eta lekua egin du inguruko mendi lasterketan egutegian.

Iazko ibilbide bera

Aurreko urtean, nagusien lasterketa bost kilometro luzatzea erabaki zuten antolatzaileek: Egoarbitza ibilbidean sartu eta maratoi erdiaren distantzia eman zioten probari. "Balorazioa oso positiboa izan zen. Egoarbitza da inguruotako mendirik ederrenetakoa, eta parte hartzaileek ere horixe esan zuten amaieran; ibilbidea oso polita zela. Hori horrela, aurten aldaketa horri eustea erabaki dugu. Egoarbitza izango da 16 urtetik gorako lasterkariek igo beharko duten lehenengo tontorra", azaldu du Lozanok.

Hala, 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibela izango ditu aurten ere Ahuntzen lasterketak. Egoarbitzaren ostean Goikomendi igo, Aixolako urtegira jaitsi, Erdella igo eta, amaitzeko, Intxortako punta zapaldu beharko dute plazako helmugara iritsi aurretik. Pentsatzekoa da lasterketako azken zatia izango dela lasterkariendako gogorrena: "San Romandik Intxortako tontorrera bidean dauden azken maldetan hankak bete-beteta eramango dituzte".

Antxumeen lasterketari dagokionez, aurrekoetan moduan, 4 kilometro eta 180 metroko desnibela izango ditu. Honako hau izango da ibilbidea: plazatik abiatu, Goikomendira igo, Larrabilburuko pistara jaitsi eta helmuga plazan. Bi elgetar nagusitu ziren iaz: Unax Agirre Osa (17.34) eta Alazne Lozano Etxaniz (22.39).

Kortazar parte hartzaile

Aurten ere Oihana Kortazarren parte hartzea aurreikusten dute Elgetan. "Bi ediziotan hartu du parte –lehenengoan lesionatuta zegoen–, eta biak irabazi ditu. Iaz, 1.50.58 egin zuen. Gizonezkoetan Oier Elorza azkoitiarra nagusitu zen (1.40.05). Biak irteera puntuan egotea nahiko lukete antolatzaileek, eta, esan dutenez, Kortazar parte hartzeko asmotan da.

Babesleendako eta boluntarioendako ere izan dituzte esker oneko hitzak: "Elgetako moduko herri txiki batean halako mendi lasterketa antolatzea oso polita da. Babestuta sentitzen gara. Hasieratik alboan ditugun babesleak ditugu eta ehun bat herrikideren laguntza izaten dugu proba egunean. Denak dira beharrezkoak. Baita aurreko asteetan pistak txukuntzen eta garbitzen eta bideak markatzen ibiltzen direnak ere. Oso eskertuta gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak