Elgetako Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Xalbadorpe erretiratuen elkarteak asteon aurkeztu dute Bizi-bixi programa. "Herritarren artean eta, bereziki, adineko pertsonen artean bizi-ohitura osasuntsuak eta aktiboak sustatzeko egitasmoa da", azaldu du Gizarte Ongizate Saileko arduradun Saioa Alberdik. "Ekintza sorta bat jarriko dugu martxan Xalbadorpe elkarteko kideekin elkarlanean".
Adineko pertsonen ongizatean sakontzeko asmoz, dagoeneko martxan da Arreta Zerbitzua. "Oraingoz, bost partaide ditu eta dinamizatzaile baten gidaritzarekin askotariko jarduera kognitiboak egiten dituzte martitzenetan eta barikuetan, 10:00etatik 12:00etara", azaldu du Alberdik.
'Tipi-tapa' eguaztenetan
Jarduera kognitiboez gain, Udalak jarduera fisiko lasaietako saioak bultzatu nahi ditu, eta Tipi-tapa saioak egingo dituzte eguaztenetan, dinamizatzaile baten gidaritzarekin. Dinamizatzaile hori Etor Garate izango da. Arreta Zerbitzuko saioen gidaritza ere berak egiten du. "Jakinekoa da jarduera fisikoak pertsonen osasunean dituen onurak, izan prebentziorako zein ongizate fisikorako eta emozionalerako", gogoratu du Alberdik. Hala, jarduera fisikoa taldean egiteko aukera zabaldu nahi du Gizarte Ongizate Sailak: ibilaldiak, ariketak adinekoen parkean eta luzaketak egingo dituzte, besteak beste. Taldea 10:00etan elkartuko da, plazan, eta bi ordu iraungo dute saioek. Interesatuek udaletxean eman dezakete izena.