12 eta 14 urte arteko hamabost bat gaztek hartu dute parte gazteleku zerbitzuaren gainean Udalak egindako batzar irekian. Zerbitzua martxan jartzea da asmoa, baina erabakitzeko dago ze funtzionamendu izango duen.
Gaztelekua zabalik izan den sasoietan hainbat formula erabili izan dira: ikasturteko asteburu guztietan zabaltzea, neguko aste bukaeretan zabaltzea baina udaberrian ekintza puntualak egitea, urtean zehar hilean bizpahiru ekintza egitea... "Gazteengandik jaso dugun erantzuna da nahiago dutela hilean pare bat ekintza egin. Proposamenak egiteko ere eskatu diegu; kasu batzuetan herrian bertan egiteko ekintzak proposatu dituzte eta beste batzuetan, irteerak egitea", esan du Hezkuntza zinegotzi Kepa de Vegak.
Astebetez proposamenak jasotzeko postontzia egon da ludotekan. Jasotakoak aztertzen ari da orain Udala. "Asmoa da urte osoko egitaraua ateratzea", esan du de Vegak. Ekintza bakoitzak bere izen-ematea izango du.