Neskak, mugituko ga denak batera? lelopean kirol saio bereziak, zumba eta luzaketa saioak, bermut-tertulia, bazkaria eta pilotari profesionalen parte hartzearekin egindako eskupilota saioa iragarri dituzte antolatzaileek. "Udara CaixaBank txapelketan ibilitako pilotarien partiduak izango dira herrian, eta horrekin lotuta egun osoko egitaraua prestatu dugu hainbat eragilek", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Amantalak talde feminista, Gazte Asanblada, Frontenis Elgeta taldea eta Udala ari dira elkarlanean. 18:00etan izango dira pilotari profesionalen partiduak, frontoian. Aurretik egingo dira gainerako jarduerak.
Pilotarien parte hartze bereziarekin
Maite Ruiz de Larramendik, Mariasun Yurritak eta Gloria Agirrek (Txikita da Aizarna) hartuko dute parte bermut-tertulian. Beste hainbat emakumerekin batera bidea irekitzea tokatu zaie. "Bidea irekitzea beti da zaila, baina berdintasunaren bide horretan gugan sinesten duten bidelagunei esker pausoz pauso aurrera goaz", azaldu dute behin baino gehiagotan.
Egindako bideaz arituko dira, besteak beste, bermut-tertulian. "Ondotik egingo den bazkarirako txartelak salgai daude farmazian zein Haizea tabernan", azaldu du Amantalak talde feministako kide Jone Arbuluk. Prezioa 8 euro da. Txartelak erosteko azken eguna hilaren 26a da.