Zinegotzi karguan jarraituko du Maialen Arnedok, baina agintaldi hasieran onartutako heren bateko jardunaldiari dagokion liberaziorik eta ordainsaririk gabe. Udal Gobernuak martitenean egindako osoko bilkuran eman zuen erabakiaren berri. "Danok dakizue beste lan bat daukatela eta lan egoera hori dela-eta une honetan ez dira bateragarriak bi jarduerak, eta ez daukat beste aukerarik. Zinegotzi izaten jarraituko dut eta nire ardurekin jarraituko dut, baina liberaziorik kobratu barik. Bateragarritasun eza da arrazoia", esan du Arnedok. "Ahaleginduko naiz, ahal dudan neurrian, orain arteko ardurekin jarraitzeko eta uste dut ez dela arazorik egongo".
Beste liberaziorik egongo ote den galdetu zuen oposiziotik EAJko Mikel Larreak eta Udal Gobernuko kideek azaldu zuten egon daitezkeen aukerak aztertzen ari dela; aste honetako gauza izan dela, eta egoera ondo aztertzeko denbora behar dutela. "Beste behar batzuk aztertzen ari gara, eta baita ere bestelako aukera batzuk aztertzen. Ikusiko da nola bideratzen dugun gaia eta ze aukera dauden, betiere Elgetako Udalak dituen baliabideak kontuan hartuta".
Arnedok heren bateko jarduna zuen eta horri lotuta 12.822,04 euroko soldata gordina. Ukoaren ostean, alkatearena da liberazio bakarra; jardun erdikoa, hain zuzen ere, eta 19.235,02 euroko soldata gordinarekin.
%2ko igoera soldatetan
Osoko bilkuran udal langileen eta alkatearen soldata igoera ere onartu zuen udalbatzak, aho batez onartu ere. Eudelek egindako gomendioari jarraituz %2ko igoera da onartu dena. Soldata igoera 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Aurrekontuaren kontu orokorra
Beste hainbat puntu izan zituen ezohiko osoko bilkurak. Horien artean, 2023ko aurrekontuaren kontu orokorra behin betiko onartzea. Oposizioko Mikel Larrea abstenitu egin zen. Esan zuen bere ustez txostenak eguneraketa bat behar duela: "Kontu orokorra dokumentu nahiko garrantzitsua da niretzat. Balio du ikusteko eta ulertzeko zein den Elgetaren egoera eta iruditzen zait hobetu daitekeela. Pentsatzen dut saiatu beharko genukeela bertan jasotzen den informazioa gaurko errealitatera egokitzen: Udalaren ondasunak, immobilizatua eta abar… Ez dakit datu horiek errealak diren eta ez dakit asmorik dagoen ondasunen inbentario bat egiteko".