Herrian zerbitzua zabaldu zela bi hamarkada betetzen diren ikasturtean, bi erabiltzailerekin hasi du kurtsoa Elgetako haur eskolak. Haurreskolak Partzuergoa sareko zerbitzua da Elgetako haur eskola eta zerbitzua zabalik mantentzeko erakundeak ezarrita daukan gutxieneko erabiltzaile kopurua hirukoa da. "Apirilean hiru izen-emate izan ziren, baina baja egoera bat dela-eta azkenean bi umerekin emango diogu hasiera ikasturteari", azaldu du haur eskola zerbitzuko hezitzaile Eneritz Vazquezek.
Egoera hori izanik, hainbat galdera daude zintzilik eta zerbitzuaren jarraikortasunaren inguruko kezka zabaldu da herrian ikasturte hasiera honetan ere. Argitu beharrekoen artean dago zer gertatuko ote den abendura bitartean izen-emate berririk ez balego. Haurreskolak Partzuergoak oraingoz erabaki duena da hezitzaile bakarra egongo dela abendura bitartean –bi zeuden aurreikusita–, eta zerbitzua goizez bakarrik eskainiko dela; 07:30etik 14:00etara. "Jakin badakigu urtarrilean, otsailean eta martxoan matrikula gehiago egongo direla", azaldu du Vazquezek. "Haurreskolak Partzuergotik eskatu digute aurreikuspen horien berri bidaltzeko idatziz. Ikusteko dago abenduan zer gertatuko den".
Ikasturtea martxan da
Haurreskolak Partzuergoko planifikazio sailari egoerari buruz galdetuta, honako hau azaldu dute asteon: "Apirileko izen-emate epean hiru umek eman zuten izena. Beraz, Elgetako haur eskola martxan dago jada, hezitzaileak hilaren 2an hasi ziren lanean, eta, haur eskola guztietan egingo den moduan, haurrak ostegunetik aurrera [atzo] hasiko dira". Oraingoz, ez dute abendutik aurrerako egitasmoen gainekorik gehiago zehaztu.
Eskolan 121 ikasle aurten
Herri Eskolako ikasleei dagokienez, astelehenean, hilak 9, emango diote hasiera 2024-2025eko ikasturteari. Zuzendaritzak emandako datuen arabera, 121 neska-mutiko izango dira –aurreko ikasturtean baino bat gutxiago–, eta horietatik zazpi dira eskolaratze berriak –2 urteko gela–.