Eguazteneko amaiera festarekin agurtuko dituzte udaleku irekiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko uzt. 22a, 09:00

Aurten ere eguraldiak baldintzatu ditu, baina aurreikusitako ekintza ia guztiak egin dituzte eta hezitzaileek gidatuta askotariko jolasak, irteerak eta ekintzak izan dituzte neska-mutikoek. Bost astez ia ehun erabiltzaile izan dituzte udaleku irekiek.

Laster, hilaren 24an, beteko da hilabetea Udalak antolatutako udalekuak martxan direla. Bost astez elkarren ondoan hainbat jolas, irteera eta ekintza egin ostean, eguaztenean egingo dute amaiera festa. Aurten ez dute agurrerako familiendako amaiera jaialdirik egingo. "Karaoke eta dantza jaialdia egingo dugu. Gure artean egingo dugu, eta jatekoa ere izango dugu", azaldu du Paula Palacios hezitzaileak.

Gaurtik eguaztenera arteko jardunak dituzte oraindik aurretik. Zikin jolasak, irteera bat –talde bakoitzak berea– eta agurreko festa dituzte programan. "Udalekuak ondo joan dira. Eguraldiaren erruz ez ditugu aurreikusitako ekintza guztiak egin, baina gehienak bai", azaldu du Nerea Villa koordinatzaileak. "Arrakasta handiena ur putzuek, Elgoibarko igerilekura egindako irteerak, futbol torneok, Asentziora egindako txangoak eta San Fermin jaien inguruko ekintzek izan dute", esan du.

HH-2 eta LH-6 arteko umeak ibili dira udalekuetan. Guztira, 97 ume, nahiz eta ez diren guztiak bost astez erabiltzaile izan. Gehien egon diren astea bigarrena izan da, uztailaren 1etik 5era; aste hartan 89 neska-mutiko izan zituzten ardurapean zazpi hezitzaileek.

Eskola eta ludoteka izan dituzte elkargune: txikienek, eskola; eta nagusiagoek, ludoteka.

Aire zabaleko ekintzak

Eguraldiak horretarako aukera eman duen guztietan aire zabaleko ekintzak egin dituzte talde guztiek, eta asteotan nabari izan da umeen presentzia herriko kale eta txokoetan. "Txikienak oso gustura ibili dira bolatokian, Larrabil zeharrean, urmael inguruan eta goiko parkean", azaldu du Villak. Nagusiagoek, berriz, beste maila bateko irteerak egin dituzte eta, besteak beste, Intxorta Txikin eta Egoarbitzan izan dira.

Udalekuen aurretik umeekin landutako parte hartze prozesutik irten zen, bestalde, hainbat proposamen zituztela. Eskatu zituzten, besteak beste, irteera bat igerilekuetara, escape room saio bat eta gaubeila. Hirurak txertatu ziren udalekuetako programazioan, eta egindako lehen balorazioa positiboa da.

Erlazionatuak

Udaleku irekiak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona uzt 15 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak