Azken egunak udako irakurgaiak mailegatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko uzt. 19a, 09:00

Liburutegian ikusgai dagoen heziketa digitalari buruzko interesgunea.

Abuztuko oporrak direla-eta uztailaren 31n itxiko ditu ateak liburutegi zerbitzuak, eta irailaren 2an zabalduko ditu berriz. Gaur egun, eleberri beltza da erabiltzaile askoren lehen aukera oporretarako. Gogoratu behar da zerbitzuak ordutegi berezia duela egunotan.

 

Hauek dira azken egunak Elgetako liburutegian abuzturako maileguak egiteko. Gaur, barikua, 10:00etatik 13:30era izango da liburutegia zabalik. Datozen bi astelehenetan, 14:30etik 20:30era; eta hilaren 23an, 24an eta 30ean, 10:00etatik 13:30era.

Irailera arteko itzulera epea

Abuztuan liburutegia itxita egongo denez, hilabete pasatxoko itzulera epea ematen ari da egunotan liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeleta: "Igartzen da jendea, orain, udarako irakurgai bila etortzen dela. Irakurle kopuruari dagokionez esango nuke orokorrean emakumeak gehiago direla, bai umeetan bai helduetan. Arrakasta handiena duten literatura generoari dagokionez, gaur egun genero beltza da nagusi. Historikoa ere asko mugitzen da Elgetan, baina genero beltza da arrakastatsuena". Ezpeletak nabarmendu du gazteleraz gehiago mailegatzen dela euskaraz baino.

Arauak dio erabiltzaile txartel bakoitzarekin gehienez hiru liburu mailegatu daitezkeela batera, baina malgutasunez jokatzen dute Elgetako liburutegian: "Liburutegia hilabetez itxita egongo denez, hirutik gora eramaten ere uzten dugu; liburua irakurtzeko eraman nahi duen horrek merezi du begirune hori".

Eskaintza digitala

Pandemian digitalak gora egin zuen eta Elgetan ere nabarmen egin zuen gora eLiburutegian egindako mailegu kopuruak. Ostean datuek behera egin badute ere, eLiburutegiak urterik urtera erabiltzaile gero eta gehiago dituela dio Ezpeletak.

Interneten bidez eduki digitalen irakurketa errazten duen plataforma bat da eLiburutegia. Irakurketa hori streaming bidez, ordenagailuaren bitartez edo gailu mugikorrak direla medio egin daiteke. Etxeko ordenagailutik, tabletatik eta sakelakotik jaitsi daitezke liburuak eLiburutegitik. Zerbitzu horretara hemendik sartzen da.

"Erabiltzailea eta pasahitza behar dira eLiburutegian mailegua egiteko", azaldu du Ezpeletak. "Erabiltzailea bazkide txarteleko zenbakia izan ohi da; heldu gehienen kasuan nortasun agiriaren zenbakia da. Pasahitza, berriz, sisteman sartzerakoan norberak emandakoa da. Pasahitza ahaztu badugu, edozein liburutegitan eman diezagukete berri bat. Hala, eLiburutegian liburu elektronikoak, film eskaintza zabala, aldizkariak, audio liburuak eta abar mailega daitezke".

Liburutegiko erabiltzaileek jakin behar dute, bestetik, Elgetako liburutegiko bazkide txartela erabil daitekeela liburutegi sareko beste edozein liburutegitan. Ordutegi aldaketarekin, baina inguruko liburutegi asko zabalik daude abuztuan. Horien artean dira Elorrioko, Eibarko, Arrasateko eta Ermuko liburutegiak –goizez zabalik astelehenetik barikura–.

Interesgunea eta erakusketa

Liburutegia beste bost egunez egongo da zabalik, eta, hain zuzen, ikusgai jarraitzen dute heziketa digitalari buruzko interesgune bereziak zein sendabelarren erakusketak. Interesgunean hainbat irakurgai proposatzen dira eta horrekin batera baita udan pantailen erabilera murrizteko Altxa Burua Elgeta lantaldeak landutako eskuorria ere.

Hamar proposamen jasotzen dira bertan; tartean dira jakinarazpenak isiltzea, behar-beharrezkoak ez diren aplikazioak kentzea, gauean gailua deskonektatzea eta erlojuaren, iratzargailuaren eta linternaren erabilera berreskuratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak