Gaurko mozorro jaitsierarekin hasiko dira Ferixa Nagusiko jaiak, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 27a, 11:01

Hasiera indartsua izaten dute Elgetako jaiek; herritarrak mozorrotu egiten dira. Gainera, Aratusteetan baino lan handiagoa hartzen dute gehienek mozorro irudimentsuak prestatzen. 19:30ean egingo dute mozorro jaitsiera Salbador kaletik behera. Goiena telebistak zuzenean emango du ekitaldia.

Herriko garaje eta lokaletan ohikoa baino mugimendu handiagoa izan da aurreko egunotan. Elgetarrak mozorroak prestatzen aritu dira eta gaur dute horiek jendaurrean erakusteko eguna.

Jaien hasiera mozorrotuta egiteak badu bere puntua. Lotsak eta ilunak alde batera utzi eta festa giroan murgiltzen da bat berehala.

19:30ean ekingo diote mozorro jaitsierari elgetarrek herriko trikitilariak lagun dituztela, eta zuzenean ikusteko aukera izango da bai Goiena telebistan bai Goiena.eus atarian. Aldi berean, Goienak jaien jarraipena egingo du Ferixa Nagusiko jaiei propio eskainitako kanalean.

Plazan amaituko dute mozorro jaitsiera. Ondotik etorriko dira alkate txikiaren izendapena, brindisa, txosnagunearen irekiera eta Mugi panderoa taldearen erromeria (23:00), Larrain dantza (00:00) eta Babesgabe talde elgetarraren kontzertua (01:00). Luze joko du gauak gaur Elgetan.

Jaiak domekara arte

Domekara arte luzatuko dira jaiak. Bihar, barikua, Umeen eta Erretiratuen Eguna izango da. Zapatuan, berriz, Herri Eguna eta domekan Ferixa Eguna. Egitaraua hemen dago ikusgai.

Erdigunea oinezkoendako

Jaietan herriko erdigunea oinezkoendako izango da eta itxita egongo da zirkulazioa. Ibilgailuek Salbador kale osteko errepidea erabili behar dute Elgeta zeharkatzeko. Egoera hori izango da domeka gauera arte eta plazako autobus geltokia Berraondokora leku aldatuta dago.

Urtero bezala, gaueko autobus zerbitzu berezia izango da bariku gauean 00:00etatik 06:00etara; Bergararekin eta Antzuolarekin lotuko dute Elgeta.

Emanaldi bereziak Goienan

Gaurko mozorro jaitsiera zuzenean emateaz gainera bihar, barikua, erreportaje berezia egingo dute Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan. Ozkarbi elkarteko hamaiketakoa, umeendako jolas parkea, eta herri kirolen erakustaldia jasoko dituzte, besteak beste.

Asteleheneko saioan ere ferixa nagusiaren inguruko erreportajea egingo dute eta hurrengo asteko Jaiak saio berezian bere lekua izango dute 2024ko Ferixa Nagusiko jaiek. Saio hori eguaztenean, uztailak 3, izango da ikusgai 19:00etan, 21:00etan eta 23:00etan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak