Erretiratuen Eguna ere bada 28a, eta protagonismoa izango dute egunean zehar. Askotariko ekintzak antolatu ohi dituzte haiei bideratuta, eta aurten ere hala izango da.
Herri kirolak
Hirugarren urtez jarraian herri kirolak izango dira Ferixa Nagusian, 12:00etan, plaza bazterrean. Erretiratuen mugak gainditzen ditu ekimen horrek. Aurten puntako lau kirolari ikusteko aukera izango da: Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Irati Astondoa, Imanol Albizu Goikoetxe eta Urdax Magunazelaia.
Meza
Meza egingo dute erretiratuek, 13:00etan, elizan. Joan den urteko jaietatik hona hil diren erretiratuen aldekoa izango da.
Argazkia
Mezaren ostean, 13:40 aldera, erretiratuek argazkia aterako dute, guztiek elkarrekin. "Orain arte, 80-90 pertsona bitarte elkartu izan gara argazkian; beste horrenbeste elkartzen baldin bagara, zenbaki polita izango da" adierazi du Jose Antonio Ojangurenek, Xalbadorpe erretiratuen elkarteko presidenteak.
Bazkaria
14:00etan, erretiratuek bazkaria egingo dute. Aurten, antzokian beharrean, kiroldegian egingo dute. "Urdaiazpikoa, esparragoak, bakailao-entsalada, okela hornigaiekin eta tarta izango dituzte, eta ardoa eta kafea ere barne daude", azaldu du Ojangurenek. Txartelak eskuratzeko aukera bihar eta etzi izango da, Ozkarbi elkartean, 11:00etatik 13:00ak arte, 14 euro ordainduta.