Umeen eta Erretiratuen Eguna hilaren 28an izango da aurtengo Ferixa Nagusian. Haurrek jolasean ibiltzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute egunean zehar, hainbat ekintzaren bidez.
Puzgarriak
Umeen gozamenerako, puzgarriek eta jolasek jarriko diote abiapuntua egunari. 11:00etatik aurrera egongo dira erabilgarri puzgarriak: eguraldiaren arabera, plaza ondoan edo frontoian. Atracciones Sanz enpresak jarriko ditu puzgarriak. "Elgetara sei puzgarri eramango ditugu: hiru haur txikiendako izango dira eta beste hirurak heldutxoagoentzat", adierazi du Juan Pablo Sanzek.
Umeen bazkaria
Puzgarrietan ibili ostean, baz- kaltzeko aukera izango dute gaztetxoek. 14:00etan hasiko da bazkaria, plazan. "Makarroiak tomatearekin, haragi-bolak patatekin eta izozkia izango dira menuan", adierazi du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Bazkariko txartelak Bolatoki tabernan eskuratu daitezke, sei euroren truke. Erosteko azken eguna ekainaren 26a izango da, eguaztena. Momentuz, hogei ume apuntatu dira.
Guztientzako jokoak daude
16 urtetik gorakoendako ere talde jolasak izango dira, 18:00etan, plazan. Bost pertsonako talde mistoak egin beharko dira, eta izena eman Haizea edo Lola tabernetan edo danonartian@elgeta.eus helbidean. Herri kiroletan oinarritutako probak izango dira: sokatira, txingak, katiuska jaurtiketa eta abar.