40 bat idi pare eta 45 artisau eta baserritar posturekin egingo dute aurten Ferixa Nagusiko azoka

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 26a, 10:00

Ferixa Nagusiko azoka, iaz.

Domekako azokak ematen die izena Elgetako jai nagusiei, eta aurten ere bertako eta inguruko ekoizle askoren topalekua izango da Ferixa Nagusia; izan ere, askotariko produktuak izango dira salgai goizean goizetik.

Bi gune nagusi izango ditu Elgetako Ferixa Nagusiak: artisauen eta baserritarren azoka plaza inguruan eta ganadu azoka Berraondokoan. Sebas Arantzabalek aurreikusten du 45 bat postu elkartuko direla artisauen eta baserritarren azokan: "Azken baieztapenen faltan, esan daiteke urteroko ekoizleek hartuko dutela parte azokan. Ez da herriko baserritarrik izango; bai, ordea, artisauak eta bestelako jakiak aurkeztuko dituztenak". Sonia Miranda, Pili Arin, eta Maite Barrainkua artisauen azokan izango dira. Jon Aranzetak Larrabiltxoko eztia eskainiko du eta Hasna Bohouchek, Mohamed Elhoumanik eta Omar Bittik, Marokoko gozoak. Beste hainbat ekoizlerekin osatuko da azoka. Gazta, ogia, gozoak, barazkiak, frutak, etxetresnak... Segurako talogileek eta Elgoibako Lizasagar sagardotegiak ere postu bana izango dute.

40 bat idi pare

Ganadu azokari dagokionez, idiak izan dira beti Elgetako ferixako bereizgarri nagusia eta 80 bat espero ditu Agustin Beretxinagak aurtengorako. Hau da, 40 bat idi pare. Aurten ere berak dihardu ganadu feriaren antolaketan laguntzen, eta, azaldu du hamasei pare izango direla bizkaitarrak eta 28 bat pare gipuzkoarrak.

Herriko ganaduzaleek ere izango dute lekua azokan; besteak beste, Arantzeta baserriko Pello Bilbaok ardiak eta ahuntzak eramango ditu, Lapurdiko Roberto Basaurik behorrak eta astoak, Larrabilgo Ormaetxeatarrek ardiak eta Barrenenguako Beretxinagatarrek idiak, behiak eta txahalak. Azoka goiz osoan zehar izango da ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak