Jaien atarian, autodefentsa feminista tailerra egingo dute zapatuan Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 21a, 08:50

Amantalak taldeko lau kide plazako informazio txoko feminista berriaren aldamenean. (Argazkia: Elgetako Udala)

Hiru orduko saioa izango da, eta Sortzen taldeko Sheila Melcon gizarte-hezitzaileak gidatuko du. Amantalak talde feministak Udalarekin elkarlanean plazan ipinitako informazio txoko feminista ere martxan da. 

Eguenean hasiko dira jaiak eta Amantalak talde feministako kideek aproposa ikusi dute aurreko aste bukaeran autodefentsa feminista tailerra egitea. Kiroldegiko gimnasioan izango da, 10:30etik 13:30era, eta Sheila Melcon Lopezek gidatuko du. Emakumeentzako tailerra izango da, ez dago adin mugarik eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Bideberri Mankomunitatetik bideratua, autodefentsa estrategia feministak eraikitzeko saioa izango da. "Egunerokotasunean jasaten ditugun eraso matxistak identifikatzen ikasteko eta horiei indibidualki zein kolektiboki nola aurre egin lantzeko garrantzitsua da tailerrera hurbiltzea. ", azaldu du Amantalak talde feministako Jone Arbuluk. Parte hartzaileei gomendatu diete arropa erosoa, estera eta ura eramateko.

Sheila Melconek aurreratu du emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa lantzeko tailerra izango dela."Defentsa pertsonalerako saioa baino autodefentsa feministarako estrategiak elkarrekin lantzeko izango da gehiago. Autodefentsa feministan zentratuko gara eta bide hori elkarrekin egin behar dugu; beldurraren eraikuntza desmuntatzeko, indarkeria sexuala zer den aztertzeko, ikara sexuala eragiten duten faktoreak zeintzuk diren eta nola eragiten diguten ulertzeko, emakumeok sentitzen dugun beldurra zergatik sentitzen dugun hausnartzeko... Eta horren aurrean, autodefentsarako estrategiak pentsatzeko. Elkartu eta aspektu psikologikoak zein fisikoak elkar-trukatuko ditugu. Ulertu behar dugu kaleak ere gureak direla, eta espazio seguruak behar ditugula", esan du.

Gune morea jaietan

Jaiei begira, talde feministak eta Gazte Asanbladak eraso matxisten aurkako protokoloa prestatu dute. "Eraso matxista asko jai giroan ematen dira, eta Elgetako jaiak ere bertan dauzkagu. Jai hauei begira Gazte Asanbladarekin batera erasoen aurkako protokoloa prestatu dugu. Gune seguruak sortzeko beharrezkoa da denon parte hartzea eta horregatik protokoloaren berri emango dugu gaur, hilak 21, 19:00etan gaztetxe parean". Jaietan protokoloarekin laguntzeko zapi morea eramango duten pertsonen bila dabiltzala ere esan dute.

Informazio txoko feminista

Aurrerantzean, informazio txoko feministan izango dute lekua antzerako abisuek. Kultura etxeko ate ondoan kokatua, informazio eguneratua ipiniko dute bertan. Indarkeria matxistak eragiten dituen ondorio larriak salatzeko Euskal Herriko erailketa kopuruaren berri ere jasoko dute. "Txokoak feminismoarekin eta gure taldearekin erlazionatutako berriak herritarrei gerturatzea du helburu. Gainera, indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian erail diren emakume eta pertsona oro gogorarazteko panela diseinatu dugu. Informazio hori eguneratzen joango gara indarkeria matxistak oraindik hiltzen duela gogorarazteko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak