Elgetako Udala 2023ko urtarrilean batu zen herri hezitzaileen Oinherri sarera. Ordutik, martxan da herri mailako lan dinamika bat, eta ekimenarekin bat egin duten herriko eragileek Herri Azoka egingo dute gaur. "22 eragilek jarriko dute beraien gunea. Eremu benetan anitzetakoak dira: kirola, baratzea, berdintasuna, euskara, historia, osasuna... Hala, herrian etengabe elkarrengandik ikasteko ditugun aukerak egongo dira ikusgai. Hain zuzen ere, denetarik ikasteko aukera dugu herrian, eta hori da ikusarazi nahi duguna", azaldu du Hezkuntzako udal arduradun Kepa De Vegak.
Azokan izango diren eragileak dira Altxa Burua Elgeta, Amantalak talde feminista, Astrotopaketak, Elgetako Baratze Parkea, Gazte Asanblada, Herri Eskola, liburutegia, Elgetako odol-emaileak, Elgetan Berbetan, Goibeko Euskaltzaleen Topagunea, haur eskola, Intxortako Ahuntzak Trail, Ixotzen energia berriztagarrien kooperatiba, Kantsatzeke mendi taldea, ludoteka, Maala guraso elkartea, Mendi Mendia Racing, Piñu-koku Egoitza, Piñu-koku Elgeta, udal artxiboko taldea, Xalbadorpe erretiratuen elkartea eta Elgeta Herri Hezitzailea dinamikako lantaldea.
Jardueren gaineko informazioa
Eragile bakoitzak bere berri emango du, baita martxan dituen egitasmoen berri ere: eskaintzeko dituzten baliabideak, taldearen dinamikarekin bat egiteko dauden aukerak, antolatzen dituzten ekintzen nondik norakoak, eskaini dezaketen aditu zein aritu jakintza... Horrekin batera, Udalak eragile guztien inguruko informazioa jasotzen duen esku-orria prestatu du, eta eskuragarri egongo da azokan.
Aukera polita izango da herrian zenbat proiektu dauden eta proiektu bakoitzaren atzean nortzuk dauden ikusteko.
Herrian dauden egitasmoak ezagutzera emateaz, saretzeaz eta elkarrengandik ikasteaz gain, azokak baditu bestelako helburuak ere: "Herritarrek egitasmo horiekin bat egitea ere nahi dugu, egitasmoak hazi eta indartu daitezen. Beraz, bi norabideko helburua da", gehitu du De Vegak.
Azoka bizia izango da gaurkoa; informazioa helarazteaz gain, hainbat eragilek herritarrekin elkarrekintzan aritzeko jarduerak ere proposatuko dituzte. Gainera, Elgetako trikiti ikasleek girotuko dute plaza.
Aurrera begirako erronkak
Lan dinamika oso bat dago Herri Azokaren atzean. Duela urteeta erdi inguru osatu zen Elgeta Herri Hezitzailea, Oinherrirekin hitzarmena sinatu eta talde motorra martxan jarrita.
Eskolak, guraso elkarteak, ludoteka zerbitzuak, eskola kirola ekimenak, udal liburutegiak eta Udalak osatzen dute talde motorra eta hilean behin elkartzen da sorreratik. Udalekuetako ekintzak umeekin batera eta modu parte-hartzailean adostea izan zen lehen emaitza.
Herri Foroa da sortu zen bigarren egitura. Bertan, ekimenarekin bat egiten duten eragileak daude, eta urtean bitan elkartzen dira. Gainera, eragileak lau lantaldetan antolatuta daude: heziketa, herrigintza, ingurumena eta kirola.
Gaurko azokarekin emango diote amaiera 2023-2024ko ikasturteari, baina presente dituzte aurrera begirako erronkak ere. "Proiektuak datorren ikasturtean izango duen funtzionamendua denon artean erabakiko dugu. Talde motorrean jarraituko dugu hilero elkartzen, eta ikasturtean bizpahiru herri foro deituko ditugu. Lau lantaldeak ikasturte hasieran elkartuko ditugu", azaldu du De Vegak.