Gaur botako dute txupinazoa Beheko kaleko jaietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 6a, 14:30

Beheko kaleko jaietako afari-merienda, iaz.

Jai batzordearendako urte berezia da honakoa; izan ere, hamar urte betetzen dituzte jaiekin auzoa alaitzen. Urteotan guztietan jaiak handitzen joan dira; eta sorrerako ekintzei berriak gehitu zaizkie. Gaurko txirrista erraldoia, eta Holi eta Bits festak horren adibide dira.

Gaztetxoendako prestatuko ekintzak izango dira lehenengo eta behin jaiei hasiera emateko. Ondoren helduko dira etxean egindako patata tortilla lehiaketa eta Unai Cantabranaren kontzertua Baobeer garagardo etxearen dastaketarekin batera.

Bi eguneko jaiei hasiera emateko ekintzak dira; izan ere, festek bihar izango dute egun handia. 16:30ean egingo duten bizikleta lasterketa Beheko kaleko jaien nortasun-ikurretako bat da. Hasieratik egiten dute eta umeak irrikaz egoten dira. Amaia DJ eta Gauargi taldearen erromeria ere klasikoak dira. "Hasieratik eman digu atentzioa zelako parte hartzea egoten den. Kale bateko jaiak izateko, ume zein nagusi, denak daude prest kanturako eta dantzarako. Aurten ere, disko-showa egiteko 37 haur daude izena emanda, eta ez dut zalantzarik erromeria ere polita izango dela", esan du Amaia Txintxurretak. "Holi festarako eta bitserako betaurrekoak ekartzea gomendatzen da. Uretako txirristan haurrek 2 euro ordaindu beharko dute, nagusi eta jubilatuendaako doan izango da", esan dute batzordetik.

Nobedadea da, aurten, igel-toka lehiaketa. 19:30ean jokatuko da bihar, eta lehen txapeldunak izendatuko dituzte.

Betiko lez, afaltzeko bi txanda izango dira Beheko kaleko jaietan. Aurresalmenta nola joan den ikusita, Jai Batzordeak espero du 150 bat lagun elkartzea; 75 gaztetxoen afarian eta beste 75 helduenean. Gehienez ere, 180 lagunendako lekua dute. 

Hamar urte auzoa alaitzen

Ekain hasieran izan ohi dira Beheko kaleko jaiak eta ez dira gutxi izaten han batzen diren herritarrak. Jai Batzordeko kideek, ordea, urte osoan darabilte buruan jaietarako finantzaketa nola lortu, eta dagoeneko lekua dute egutegian Gabonetako zein udaberriko bingoek, otarre zozketek eta tonbola jokoek. Makineria urte osoan da martxan. "Mila esker auzoko jaiak aurrera ateratzeko modu batera edo bestera lagundu duzuen denoi!", azaldu dute Jai Batzordetik.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak