Arreta zerbitzu berria iragarri du Elgetako Udalak: eguneroko trebeziak lantzeko eta gizarte harremanak sustatzeko saioak izango dira. Ikasturte osorako proposamena da, eta taldea osatzen bada astean bi saio egingo dituzte, kultura etxeko erabilera askotariko gelan. Alor kognitiboa lantzeko ariketak eta jokoak, eguneroko bizitzako oinarriko jarduerak, gimnasia egokitua, eskulanak eta mahai jokoak, sukaldaritza... Askotariko jarduerak egitea da asmoa.
Arreta zerbitzu berria pentsatuta dago 65 urtetik gorakoendako, mendekotasun egoeran daudenendako, bakardade edo arrisku egoeran daudenendako zein gizarte zerbitzuen irizpideen arabera onura ekar diezaiokeen ororendako. Prezioa norberaren egoera ekonomikoaren arabera finkatuko da; betiere, 2 eta 20 euro artean hilean.
Informazio gehiagorako zein izena emateko, interesatuek udal gizarte zerbitzuetara jo behar dute: gizarte@elgeta.eus edo 943- 76 80 22 zenbakira deituta.