Bost asteko udaleku irekiak izango dira, aurten ere, Elgetan. Udalak emango du zerbitzua eta izango da HH2tik LH6ra arteko umeendako, astelehenetik barikura, 09.00etatik 13:00etara.
Parte hartze prozesua
Iaz moduan, aurten ere, parte hartze prozesu bidez aukeratu dute gaia umeek. "Lehenengo eta behin postontzi bana jarri genuen eskolan, liburutegian eta ludotekan ikasleek proposamenak egin ditzaten", azaldu du Hezkuntza zinegotzi Kepa De Vegak. "Bestalde, eta eskolako ikasle batzordearen bitartez dinamikak egin dira LHko gela guztietan helburu berdinarekin". Proposamenak jaso, sailkatu eta bozketak egin dira gero. "Bozketan irten den gaia kirola izan da, eta ekintza bereziak irteera igerilekuetara, ihes gela –LH3tik LH6ra arte umeendako– eta gaubela –LH5eko eta LH6ko umeak–".
Izen-ematea zabalik da udaletxean zein Elgeta.eus webgunean. Prezioen zein hobarien gaineko informazioa ere bertan kontsulta daiteke.