Udal liburutegi zerbitzuak koordinatuta, Heziketa Digitala lantaldeak martxan jarraitzen du, eta martitzenean Macsonrisas ekimenak gidatutako gurasoendako saioa egingo dute. Formakuntza 17:30ean hasiko da eta eskolako liburutegian izango da. Ordu eta erdi iraupena izango du. Aurretik, LH-5eko eta LH-6ko ikasleendako saioa egongo da eskola orduetan.
Elgetako lantaldeak, bestalde, bat egin du Gipuzkoako Altxa Burua mugimenduarekin, Bergarako eta Antzuolako lantaldeek moduan. "Hiru herrietako gaztetxo gehienek Bergaran egiten dituzte DBHko ikasketak, eta herri bakoitzeko gurasoak saretzea bezain aberasgarria da hiru herrietako lantaldeen arteko saretzea", esan du Geaxi Ezpeleta liburuzainak.
Antzuolako lantaldeak Miren Ros adituaren Haurrak, nerabeak eta pantailak hitzaldia antolatu du ekainaren 6ra. Elgetako gurasoak ere bertaratzeko gonbidapena jaso dute.
Epe berriko paktuak
Bestelako lanketan ere badihardu taldeak: "Duela hilabete batzuk proposatutako gurasoen arteko paktuen ekainera arteko konpromisoa betetzear da, eta epe berriko paktuen proposamena luzatu egingo dugu, maiatz amaiera aldera". Hurrengo bilerako data zehazteko dago. "Jakinarazpena guraso talde guztietara bidaliko da, eta liburutegiko Telegram kanalean iragarriko da".
Heziketa Digitala lantaldea ekainaren 14ko herri azokan parte hartzekoa da. "Dinamikaren nondik norakoak ezagutarazteko, edozein zalantza argitzeko eta proposamenak entzuteko, han aurkituko gaituzte herritarrek".