1924ko maiatzaren 18an sortu zen Euskal Mendizale Federazioa (EMF). Elgetan izan zen sorrera ekitaldia, jendetsua bezain ilu- sionagarria. Ondoren etorri ziren herrian bertan egindako beste hainbat batzar. Gaur egun ez da existitzen EMF, barne arazoak eta 36ko altxamendua tarteko Euskadiko eta Nafarroako federazioetan banantzera behartuak izan baitziren. Hala ere, bi federazioek hartuko dute parte urtemuga ekitaldian.
Ekitaldia
10:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, oroitzapenezko plakaren aurkezpenarekin. Jarraian, 10:15ean, Euskadiko Mendi Federazioko eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeko presidenteek hartuko dute hitza. Bost minutuko hitzartzearen ondoren, ehun urtetik gorako mendi klubei aitorpena egingo zaie, eta Karmele Biurrun Samaniego Nafarroako klubetako bokal eta MEKNFko lehendakariordearen hitzaldia egongo da. Gainera, Cari Velez Asurmendik –MEKNFren lehendakari ohia 1992tik 1996ra– aginte makila Karmele Biurrun Samaniegori, MEKNFren lehendakariordeari –2020tik 2024ra–, pasako dio. 10:45era arte izango da hori, eta jarraian, ekitaldi instituzionala hasiko da, Euskal Herriko ordezkari politikoekin.
Ordu laurden iraungo du ekitaldi instituzionalak, eta, ostean, EMFko eta FNDMEko presidente ohiei aitorpena egingo zaie. 11:30ean, Euskal Herriko Mendi Biltzarraren aurkezpena egingo dute. Mendi Biltzarra, duela 100 urteko federazioaren gisan, federazioen arteko entitate amankomuna izango da. Ekitaldia amaitzeko, Elgetako alkateak azken agurra emango du.
Bestelako ekimenak
Urtarrilean hasi zituzten urtemugaren inguruko ekitaldiak. Hala ere, egunean bertan beste bi ekimen egongo dira Elgetan, urtemuga jaiaren bueltan. Alde batetik, Gailurretan izan gaitun erakusketa bisita egiteko aukera izango da Espaloia Kafe Antzokian. Bestalde, 14:30ean hasita, herri bazkaria egingo dute herriko frontoian, eta musikaren bidez girotuko dute bazkalostea. Hala ere, dagoeneko amaitu da bazkarian izena emateko aukera.