Asteburuan ospatuko da Puntaik Punta jaialdia Elgetan

Julen Murua Mesonero 2024ko mai. 10a, 09:40

2024ko Puntaik Punta jaialdiaren aurkezpena Elgetan.

Askotariko ekintzez osatutako egitaraua izango dute eta autobus zerbitzu berezia egongo da Bergaratik Elgetara

Zortzigarrenez ospatuko da aurten Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia, eta Elgetak hartuko du, asteburu osoan, askotariko ekintzez osatutako egitaraua. Debagoieneko Mankomunitateak, Elgetako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak elkarlanean antolatutako jaialdia da eta aurkezpenean adierazi zuten "aukera paregabea" dela "bailarako ondare naturalaz eta ondare kulturalaz gozatzeko".

Egitarau zabala

Askotariko ekintzek eta adin guztietakoei zuzendutakoek osatzen dute egitaraua. Irteerak, dantzak, kontzertuak, jolasak eta beste hainbat kontu izango dituzte ostiraletik domekara bitartean Elgetara joaten direnek. Egubakoitzean, jaialdia hasteko, Mendiz mende argazki erakusketaren irekiera egingo dute Buztin gelan, 16:30ean; ilunkeran, 20:30ean, Intxorta Txiki gauez argiztatzera joateko aukera egongo da, Kantsatzeke mendi taldearekin batera, plazan hasita. Zapatuan, 10:30ean, Intxortxako frontea ezagutzeko ibilbide tematiko gidatua egongo da, eta, horrez gain, senderismo eta artisau azokak egongo dira, berrikuntza nagusi gisa. Gainera, food truck delako gunea egongo da plazaren aurrean, eta haur eta gaztetxoenentzat abentura-gunea ere izango da, 11:00etatik 14:30era eta 16:30tik 20:00etara, Bolatoki aurreko zelaian. Bitartean, pump track erakustaldira eta ikastarora gerturatzeko aukera izango dute interesdunek, eta, horretarako, pump track pistara joan beharko da, 17:30ean. Domekan, mendi irteera gidatua egingo dute, 10:00etan, Arrasatetik Elgetara –GR-289 ibilbidea–, eta 13:30ean burruntzi herrikoia egingo dute. Musikari dagokionez, Unai Cantabrana bakarlari elgetarra eta Gozategi izango dira kontzertuak emango dituztenak herriko plazan, zapatuan, 12:30ean eta 22:30ean, hurrenez hurren.

Autobus zerbitzu berezia

Debagoiendarrak Elgetara joan ahal izateko, autobus zerbitzu berezia egongo da bai zapatuan eta baita domekan ere. Zerbitzu berezi hori, baina, Bergara eta Elgetako autobusei bideratuta egongo da. Bailarako gainontzeko herrietako autobus zerbitzuek ez dute aldaketa edo berezitasunik izango. Elgetako geltokiak aldaketa bat izango du: herriko plazan izatetik Berraondokoan izatera igaroko da, horrela, erdigunea oinezkoei bideratuta gera dadin. Autobusen ordutegiak ikusgai daude lurraldebus.eus webgunean.

Erlazionatuak

2024ko Puntaik Puntako egitaraua

Julen Murua Mesonero mai 09 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak