"Urtiagainetik ekin eta Biozkorniako leporaino joango gara igotzen poliki-poliki, aldapa handirik gabe, baina beti gora". 700 bat metroko desnibela pistaz egingo dute ia osorik, eta artzain txabolen parajeetatik joango dira Aloñaren hegoaldea ezagutzen. "Biozkornian hamaiketakoa egin eta beherakoan, laster hartuko dugu ezkerrerantz. Bidezidor polit batetik –oraingoan Aloñaren iparraldetik– hasieran erdi lau eta larre inguruetatik, eta gero behera hasitakoan, alertze eta, batez ere, pago artetik, berriz ere Urtiagainera iritsiko gara".
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea zabalik da hilaren 16ra arte kantsatzeke@gmail.com zein 690 74 00 56 telefono zenbakian (Whatsapp). Taldea 08:00etan abiatuko da herriko plazatik eta prezioa da 5 euro. Adin txikikoek parte hartzeko baldintza da guraso edo nagusi baten ardurapean izatea.
Barikuan Intxorta txikira
Elgetako mendi taldetik gogoratu dute Puntaik Punta Jaiaren barruan Intxorta txiki (Mendratxu) argiztatzeko irteera dagoela aurreikusita bariku honetarako. Taldea 20:30ean elkartuko da plazan eta batera egingo dute igoera. Frontalak eta linternak eramateko gomendioa egin dute.