Apirilean hainbat izan dira liburutegi zerbitzutik antolatutako ekintzak. Haur Liburuaren Eguna –apirilak 2– eta Liburuaren Eguna –apirilak 23– gogora ekartzeko izan dira. Bihar arratsaldean erakusmahaia jarriko du plazan liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.
Helburua da liburutegiak ematen dituen zerbitzuak eta eskaintzen dituen jarduerak ezagutzera ematea. Liburuen mailegutza da erabiliena, baina badira beste asko: informazio bibliografikoa, errepografia, e-Liburutegia, e-Filma, ikasketa gela...
Ipuin saio musikatua
Ipuin kontalari saioa ere izango da, baita ere, plazan. Kontukabiko lagunek Istorio baten truk izeneko ikuskizuna eskainiko dute. Kontukabitarrak ezagunak dira Elgetan. Orain bi urte, Ipuin katramilatuak eskaini zituzten plazan. Gaurko kontalaritza saioa 17:30ean hasiko da.
Bestetik, herriko umeek egindako artista liburuen erakusketak ikusgai jarraitzen du. Hilaren 30era arte egongo da liburutegian.