Asteon abiatuko da adineko pertsonek ongizate emozionala lantzeko tailerra

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko apirilaren 24a

Elgetako Udaleko ongizate sailak antolatuta, lau saio izango dira, guztira: apirilaren 26an eta maiatzaren 3an, 10ean eta 17an.

Adineko pertsonek euren emozioak ezagutu, erregulatzen trebatu eta ongizate emozionalean eragiten duten baliabideak praktikatzeko helburuarekin, ongizate emozionala lantzeko tailerrak egingo dituzte KZgunean.

Lau saio egingo dituzte, apirilaren 26an eta maiatzaren 3an, 10ean eta 17an. Saioak 10:00etatik 12:00ak arte izango dira. 65 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da tailerra, eta L. Urra eta C. Palacio psikologoek gidatuko dituzte saiook.

Tailerrak gutxienez lau eta gehienez hamasei pertsona izango ditu. Izen-ematea 626 52 72 12 zenbakian egin behar da.

Emozioak lantzearen garrantzia

Saioa Alberdi ongizate zinegotziaren ustez, berebiziko garrantzia du adineko pertsonek ere emozioak lantzeak: "Esango nuke ohituta gaudela gazteei emozioak ateratzen, baina gustatuko litzaidake adineko pertsonek ere beren emozioei izena jarri ahal izatea. Askotan, beldurrak izaten dituzte, adibidez, bakardadeari, eta horrek arazoak dakartza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak