Imaz-Ezeolaza eta Unzetabarrenetxea-Maguregi nagusitu dira Elgetako frontenis txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 23a, 13:38

Bi asteburu iraun ditu txapelketak eta zapatuan jokatu zituzten finalak. Estuak izan dira biak; izan ere, 25-16 amaitu zen gizonezkoen finala eta 25-20 emakumezkoena. Bi bikote irabazleak txapeldunorde izan ziren iazko txapelketan.

Giro aparta izan dute Elgetako frontenis txapelketan. Guztira, hamazazpi bikotek hartu dute parte: hamaika gizonezkoetan eta sei emakumezkoetan. Elgetako parte-hartzaileez gain, oñatiarrez, bergararrez, elorriarrez eta idiazabaldarrez osatutako bikoteak ere egon dira frontenis txapelketan.

Gizonezkoen txapela Elgetan gelditu da. Ibon Unzetabarrenetxea eta Eneko Maguregi 25-16 nagusitu dira Gontzal Azkarraga-Urizar eta Unai Hernaltes bikotearen aurka. Esan behar da iazko txapeldunei irabazi dietela aurten finala Unzetabarrenetxeak eta Maguregik.

Emakumezkoen finalean ere aurpegi ezagunak izan dira. Iazko irabazleek ez dute txapelketan parte hartu baina Ihintza Imaz eta Maialen Ezeolaza finalera heldu ziren iaz ere. Aurten bai, txapela jantzi dute Esti Markos eta Lierni Asuabarrenak osatutako bikoteari 25-20 irabazita.

Zozketa

Antolatzaileak oso eskertuta daude herriak emandako laguntzagatik. Herriko dendak eta tabernak, Udala eta laguntzaile guztiak aipatu dituzte. Jakinarazi dute, bestetik, eginda dela txerri-besoaren zozketa eta zenbaki irabazlea 86 dela. Ordezkoa, berriz, 495.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak