Apirilaren 21erako, domeka, Madaria (Araba) herritik Ungino mendira igoera antolatu dute Kantsatzekeko kideek. 08:00etan herriko plazan elkartuko dira parte-hartzaileak, eta bertatik autoz joango dira Madariara.
Mendi irteerak lau ordu iraungo du. Behin Aiaran kokatuta dagoen herrira iritsita, aldapan gora abiatuko dira parte-hartzaileak; Atatxako atakara iritsiko dira. Bertan, eskuinerako bidea hartu beharko dute Unginora igotzeko.
1.099 metrotan dagoen gailurrera heldu aurretik, Unginoko begia ikusteko aukera izango dute mendizaleek. Behin tontorrera igota, 1.185 metrotan dagoen Eskutxi mendira igotzeko aukera izango da, eta, bestela, beheranzko bideari ekingo diote. Gorobel gainetik pasatu eta Menerdigako atakaraino joango dira. Beheranzkoan, antzina merkatariek erabilitako errege bidean sartu eta Madarian amaituko dute ibilaldia.