"Pozik gaude, lagunak irribarrez agertu dira martxa amaieran; terrenoa oso ondo dagoela, bidea garbi dagoela eta lan handia egin dugula aitortu digute eta", dio Piñu-koku taldeko Etor Garatek.
Aurten gainera, aurreko urteetan baino jende gehiago animatu da parte hartzera, antolakuntzatik azaldu dutenez, pasa den urteetan 100 lagun inguru izaten ziren eta aurten berriz, 180-185 pertsona izan dira Elgetako enduro martxan: "Askok azken momentuan eman dute izena, eguraldiak eragin handia izan duela uste dut; zorte ona izan dugu eguraldiarekin gaurkoan".
Eguraldiak ibilbidean eragina izan duela ere aitortu du Garatek, izan ere, beste urte batzuetan baino lokatz gutxiago zegoen eta horrek lana erraztu die txirrinda gainean aritu direnei.
Aukera berria
Ibilbidean berrikuntzak izateaz gain, aurten elgetar gazteenek ere martxan parte hartzeko aukera izan dute. 12 eta 16 urte bitarteko gazte elgetarrei luzatu zitzaien aukera, eta bost animatu dira probatzera: "ez dugu mezua asko zabaldu, seguru aldetik mugatuak izan ditugulako plazak, baina animatu diren gazteek asko gozatu dute ibilbideaz".