Intxortako Lehoiak lagunarteak antolatuta, Athleticeko 65 zalek Sevillara (Espainia) joateko aukera izango dute apirilaren hasieran; horietatik 25 dira elgetarrak. "Hasierako ideia zen lagunarteko kideentzako plana egitea, baina eskaria ikusita, toki gehiago eskaintzea erabaki genuen". Hala, elgetarrak ez ezik, gasteiztarrak, amurrioarrak eta laudioarrak izango dituzte lagun, besteak beste, Elgetakoek.
Hilaren 5ean hartuko dute Gasteiztik Sevillarako autobusa, eta apirilaren 7ra arte izango dira han. Gainera, Intxortako Lehoiak lagunarteak jakinarazi du azken urteetan antolatutako jarduerak direla eta, elkarteko kideendako doakoa izango dela bidaia. Joan ezin daitezkeenek, berriz, Elgetako Bolatoki tabernan jarraitu ahal izango dute finala, "ekintza berezi bat" prestatu baitute.