Goikomendi, Azkonabieta eta Intxorta zapalduko ditu aurten enduro martxak. "Iaz ez bezala, aurten Goikomendin hasiko gara, eta azkenerako utzi dugu Intxorta", azaldu du Piñu-koku taldeko Etor Garatek. "Elkartzeko gunea gaztetxe azpiko lautada izango da eta anoa-puntua Karabieta eta Azkonabieta artean egongo da, ez plazan".
Garatek azaldu duenez, aurten ez da mekanikako gunerik egongo, CDRko lagunak denbora gutxiagorekin dabiltzalako. Urtero moduan, hori bai, bizikletak garbitzeko mangerak zein pilotuendako dutxak egongo dira, eta Gazte Asanbladak bere ekarpena egingo du: kañeroa eta musika jarriko dute.
Bost jaitsiera
Bost jaitsiera izango ditu aurten enduro martxak. "Goikomendiko jaitsiera ezaguna da, baina zati berriak gehitu dizkiogu. Gero, beti bezala, Azkonabieta aldera egingo dugu. Ez dugu jaitsiera osorik egingo; izan ere, aurtengo nobedade nagusia den hirugarren jaitsierara egingo dugu handik". Hainbat aste dira Piñu-kokuko lagunak buru-belarri lanean ari direla: "Lan handia egin dugu; batez ere, jaitsiera berrian. Pista egoera onenean egotea nahi dugu, eta horregatik ez dugu egunera arte zein den zabaldu nahi".
Laugarren jaitsiera Mendigainatik Aixolarainokoa izango da. "Gero, presatik herrira igoko gara, eta gogoz jarraitzen dutenek aukera izango dute Intxortara igo eta azken jaitsiera egiteko. Betiko moduan, zirkuitu bakarra izango dugu, baina laburtzeko aukera bat baino gehiago izango ditugu".
Izen-ematea zabalik da
Kirolprobak.com atarian zabalik da dagoeneko izen-ematea. Iaz 120 lagun elkartu ziren. "Inskripzioak motel doaz, baina horrela izaten da. Jendea, nire ustez, eguraldi iragarpenaren zain dago", azaldu du Garatek.
Lan handia pistak prestatzen
Bideak egoera onenean egotea nahi dute Piñu-koku taldeko kideek, eta horretarako ari dira lanean. Asteotan basoan ari dira buru-belarri. "Gogotsu gaude, eta beti bezain ona edo hobea izango da aurtengo edizioa. Ea eguraldiak pixka bat laguntzen digun", azaldu dute. "Urtero etorri izan da jendea. Aurten ere betikoak edo hortik gora elkartzea espero dugu".