Ahuntzen lasterketa gogortu egin dute, eta bihar irteera puntuan batuko diren 320 korrikalariek hobe dute indarrak neurtu –10:00, Elgetako plaza–: "Bestela, lasterketako azken zatian, San Romanetik Intxortako tontorrera bidean dauden azken maldetan hankak bete-beteta eramango dituzte. Gainera, badirudi Intxortara igotzen hasi aurretik Elgeta bertan dagoela, baina ez, igoera geratzen da", dio, umorez, antolaketa taldeko Eleder Lozanok. "Ibilbidean Eguarbitzako tontorra sartzea erabaki dugu aurten; ibilbideak bost kilometro pasa gehiago izango ditu. Hala, Ahuntzen lasterketako lehenengo bi edizioak lasterketa motzen barruan egon dira, baina biharkoa beste kontu bat izango da, ibilbideak ia 21 kilometro izango dituelako, eta hori maratoi erdi bat da".
Nagusien lasterketaren aurretik, Antxumeena egingo dute, 09:50ean; alegia, gazteendako propio egiten dutena. "22 korrikalarik eman dute izena, eta gazte elgetarrak oso motibatuta ikusten ditugu; gurasoei entzun diegu azken egunotan ez dutela besterik eta ibilbidea behin eta berriro errepasatzen dabiltzala".
Kortazar da faboritoa
Oihana Kortazarrek iaz atera ahal izan zuen lehenengo edizioan parte hartu ez izanaren arantza. Eta bihar, iazko txapela defendatzeko moduan egongo da elgetarra. Gertuen izango duenetako bat Ane Zabala arrasatearra izango da, lehenengo edizioko irabazlea eta iaz Hiru Haundiak proba irabazi zuena. "Gizonezkoetan, berriz, esango nuke indarrak parean daudela; ez daukat horren garbi nor egon daitekeen faboritoen artean. Izen bat nabarmentzekotan, Aimar Larrea antzuolarrarena nabarmenduko nuke. Duela gutxi, Aiako lasterketa irabazi zuen anaiarekin batera, eta sasoian dagoela erakutsi du".
Lasterketa datutan:
• Distantzia: 20,8 kilometro.
• Desnibela: 1.089 metro.
• Gehienezko garaiera: 680 metro.
• Azkarrenaren denbora aurreikuspena: ordu eta erdi.
• Parte-hartzaileak: 320 lasterkari.
• Irteera ordua: 09:50 (Antxumeak) eta 10:00 (Ahuntzak).
• Antxumeen lasterketa: 4 kilometro eta 180 metroko desnibela.
• Iazko irabazleak: David Rua (1.14.47) eta Oihana Kortazar (1.22.07).