Martxoaren 8a ospatzeko, askotariko ekintzez osatutako egitaraua antolatu dute Amantalak elkarteak eta Udalak elkarlanean. Egitaraua 18:00etan hasiko da, liburutegian, Ines Bengoa ipuin kontalariaren emanaldi batekin. Zer daramagu emakumeok poltsoan izenburu duen ipuin kontaketa egingo du kanariarrak. Helduei bideratuta dago kontaketa, eta emakumeen beharrak eta sentsibilitatea ditu hizpide, elkarren bizipenak trukatzeko aukera eskainita.
Hurrengo ekimena elkarretaratzea izango da. Plazan egingo dute, 19:30ean hasita. Ordu erdi inguru iraungo du horrek. Elkarretaratzearen ondoren, eguna borobiltzeko, bertsoek hartuko dute protagonismoa. 20:00etan hasita, bertso-poteoa egingo dute Oihana Arana eskoriatzarrak eta Maddi Aiestaran beasaindarrak. Poteoa plazan abiatuko da.