Autoak erdigunean, eta jendearen babesa inguruan

Hasier Larrea 2024ko otsailaren 24a

Mendi Mendia Racing jaialdia egonkortuta dagoela erakutsi dute zapatuan Elgetan. Aurreikuspenak bete eta jendetza batu da goizetik. Ibilgailu erakusketa eta mendi lasterketaren ostean, mahaiaren bueltan bazkaldu dute 200 lagunek baino gehiagok.

Auto lasterketen denboraldiak dakartzan gastuei aurre egiteko baliatu dute seigarrenez Mendi Mendia Racing jaialdia, Ahuntzak elkartearen laguntzaz. Baina helburu ekonomikoak baino gehiago ditu ekimenak: motor-kirolak herritarrengana hurbiltzea eta emanaldi bereziak eskaintzea, auto erakusketa, mendi lasterketa, bazkari eta kontzertu eran.

Aurten, ohi bezala, auto klasikoak jarri dituzte ikusgai, eta, nobedade moduan, baita Lambretta motorrak ere. 11:30ean Egoarbitzako igoeran parte hartu dute hainbat mendi korrikalarik.

Bazkaltzeko patatak errioxar erara eta oilasko errea jan dituzte. Mikel Beretxinaga antolatzailea gustura azaldu da bildu den jendetzarekin; hura eta Adrian Gorostiza izango dira aurtengo auto lasterketa denboraldian parte hartuko duten bi elgetarrak.

Gauean kafe antzokian giroa berotu dutenak bailarako lau talde izan dira: Iskanbila, Neallta Fola, Sindy Berbenas eta Laino Beltzak. Eta, bukatzeko, DJ Txas.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak