200 bat lagun espero dituzte Mendi Mendia Racing jaian

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ots. 22a, 14:22

Seigarren edizioa izango da eta egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek; auto erakusketa, mendi lasterketa, bazkaria eta kontzertuak. Ekainean Elgetan egitekoa den Intxortako rallysprintaren berri ere eman dute.

Otsailaren 24ean ospatuko dute Mendi Mendia Racing jaialdiaren seigarren edizioa, egun osoko egitarau zabalarekin. Auto lasterketen denboraldi berria hastear da, eta lehen hitzordua martxoaren 3an jokatzen den Gabiria-Legazpi rallysprinta izango da. Lehiaketa horiek dakartzaten gastuei aurre egiteko antolatzen dute jaialdia Mendi Mendia Racingeko kideek. Aurten bi elgetar daude auto lasterketetan parte hartzeko asmoz: Mikel Beretxinaga pilotu lanetan eta Adrian Gorostiza kopilotu. Denboraldirako finantzaketa lortzeaz gain, motor-kirolak ezagutaraztea eta mundu hori herritarrengana hurbiltzea dira jaialdiaren helburuak.

Egun osoko egitaraua

Beste urte batzuetan bezala, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean hasiko da, 11:00etan plazan egingo den ibilgailu erakusketarekin eta pintxo-potearekin. 25 urtetik gorako auto klasikoak izango dira nagusi erakusketan, baina ez bakarrak, lasterketa-autoak ere izango dira eta. Aurten, gainera, Lambretta taldeari esker gisa horretako motorrak ere ikusteko aukera egongo da.

Erakusketaren ostean, 11:30etan, Egoarbitzako igoera egingo dute. Joan den urtean egin zuten lehenengoz lasterketa, eta, izandako arrakasta ikusita, aurten berriro egitea erabaki dute. Plazan emango diote hasiera, eta izen ematea egunean bertan egin beharko da. Ahun- tzak elkartearen laguntza izan dute Mendi Mendia Racingeko kideek lasterketa antolatzeko orduan. Horren ostean, 12:30 aldera, sari banaketa egingo dute herriko plazan.

Egitarauarekin jarraitzeko, 13:30ean talde argazkia aterako dute bertaratutako guztiek batera. Jarraian, 14:00etan, bazkarirako ordua izango da. 200 bat pertsona aurreikusten dituzte antolakuntza taldeko kideek. Bertan, patatak errioxar erara eta oilaskoa brasan jateko aukera izango dute aurrez txartela erosi dutenek.

Eguna amaitzeko, kontzertuak egongo dira, Espaloia Kafe Antzokian, 21:30ean. 10 euroko prezioa dute sarrerek, eta Debagoieneko taldeek osatzen dute kartel osoa. Bertan izango dira Bergarako Laino Beltzak, Aretxabaletako Neallta Fola eta Arrasateko Sindy Berbenas eta Iskanbila taldeak. Ostean, goizaldera arteko jaiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, DJ Txas elgetarraren emanaldiarekin.

Intxortako rallysprinta

Aurtengo jaialdia berezia izango da antolakuntza taldearentzat, lehenengoz auto lasterketa bat egingo da-eta Elgetan: Intxortako rallysprinta. Beste urte batzuetan saiakerak egin ziren rallysprinta antolatzeko, baina askotariko arazoak izan zirenez, ez zuten lortu proiektua aurrera ateratzea. Dena ondo bidean, badirudi aurten bai egingo dela Intxortako rallysprinta. Euskadiko Automobilismo Federazioak argitaratutako egutegiaren arabera, ekain hasieran jokatuko da lasterketa. Mendi Mendia Racingeko kideak eta Arrasateko A+Gas motor taldea lehiaketaren antolakuntzan parte hartzen dabiltza.

Gizarteari ekarpena

Jaiaren helburuak motor-kirolekin eta horien finantzaketarekin lotuta dauden arren, gizarteari ekarpena egitea ere badute xede antolatzaileek. Urtero, irabazien zati bat bestelako ekimen batera bideratzen dute, eta edizio guztietan aldatzen da. Aurten, korrikak Euskal Herria zeharkatuko duela aprobetxatuta, irabazien zati hori AEKra bideratuko dute.  

Motor mundua, osasuntsu

Antolakuntzako kideek adierazi dutenez, motor-kirolen mundua osasuntsu dago herrian. Horren froga da horrenbeste urtez Mendi Mendia Racing jaialdia antolatzen ibili izana. Hala ere, hortik harago ikusten dira egoera on horren sintomak: Hurrengo belaunaldiak indartsu datoz, asko dira lasterketak ikustera animatzen diren gazteak, eta bada autoarekin lehen saiakerak egiten dabilenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak