Kokoen eta Hartzaren aste bukaera izan zen aurrekoa, eta honako honetan bestelako mozorroen festa izango da herrian. Herri Eskolan egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. Arratsaldean egingo dituzte urteroko kalejira eta dantzak. Ikusteko dago eguraldia dela-eta ekintzok non egingo diren. Ziurrenik, udal pilotalekuan izango dira.
Txokolatea eta dantzak
Eskolako ekintzak amaituta, Maala guraso elkarteak hartuko du lema, eta 16:30ean txokolate-jana egongo da. Eguraldi txarra dago iragarrita, eta ondo sartuko da txokolate beroa.
Gorputza mugitzeko aukera izango da ondotik; izan ere, Udalak Dantza-saltsa izeneko dantzaldi-ikuskizuna antolatu du 17:00etarako. Ezagunak dira Dantza-saltsa-ko lagunak Elgetan. Aurreko urteetako Aratuste-barikuan ere izan dira herria girotzen. "Denetik egongo da: modako abestiak, betiko erritmo martxosoak, jolasak, probak eta koreografiak", esan dute.