Pumptrack-gunea otsail erdialderako egongo da prest

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urt. 26a, 09:13

Elgetako pumptrack-gunea.

Azken xehetasunak jartzea falta da pumptrack-gunean, eta bizpahiru astean lanak amaituta egongo direla adierazi du Elgetako alkateak.

Elgetako pumptrack-gunea ari da itxura hartzen, eta Ibon Unzetabarrenetxea alkateak aurreratu du otsailaren erdialdean prest egongo dela. Lan handiena eginda dago, baina xehetasunntxikienak falta dira; esate baterako, itxitura jartzea inguruan, panel informatiboa eta parkera jaisten den aldapan abiadura murrizteko neurriak. "Hori guztia jarri arte ez da publikora irekiko. Garrantzitsuena segurtasuna bermatzea da orain", nabarmendu du Elgetako alkateak. Emaitzarekin ere "oso gustura" agertu da. Gainera, profesional batek probak egin ahal izan ditu pistan: "Itxura oso ona du; probatu dugu horretara dedikatzen den pertsona batekin eta oso ondo dago".

2023ko urtarrilean egin zituzten orubea prest uzteko lanak, eta, hormigoizko horma altxatzearekin batera, Aixolarako bidean hobekuntzak egiteko baliatu zituen obrak Udalak. Abenduaren hasieran hasi ziren lanetan pumptrack gunean, eta Poolsport enpresak egin ditu, 72.593,95 eurotan. Bi zortziko izango ditu Elgetako pumptrack-guneak, 500 bat metro karratuko azaleran, eta elkarren artean konektatuta daude. Obrak hasi berritan ez zekiten wallride egiteko aukera egongo zen edo ez, baina Unzetabarrenetxeak baieztatu du saltoak nahiz wallride egin ahalko direla.

Alabaina, bizikleta, patin edo patineteekin ibili ahal izango da han. "Motor ibilgailuak izan ezik, beste edozer", nabarmendu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak