Euri-urak eta ur zikinak banatzeko lanak hasi dituzte San Roke kalean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urt. 30a, 10:11

San Roke kaleko lanak. (Argazkia: Larraitz Zeberio).

Gipuzkoako Urak ari da lanok egiten eta bi hilabete iraungo dute lanek. Bestalde, San Antonio parean zanga zabaldu dute handik Arantzetara ura eramango duen hodia sartzeko.

Euri-urak eta ur zikinak banatzeko lanekin hasi da Gipuzkoako Urak San Roke kalean, eta, gutxi gorabehera, bi hilabete iraungo dute lanek. Lehenengo, urak bideratuko dituzte, Unzetabarrenetxeak azaldu duenez, eta, ondoren, baldosak egokituko dituzte Intxorta elkarte parean, irisgarritasuna hobetzeko.

Aurrekontua 40.000 euro ingurukoa izatea aurreikusten du: "Ez zen 5.000 eurora iristen. Baina Udalak kaleko beste aldean dauden baldosak konpontzeko konpromisoa hartu zuen, eta, horrekin, 40.000 euro izatea aurreikusten da; agian, gehiago".

Herrian luzaroan egon dira obra horiek egiten hasteko zain, eta San Rokeko lanen hasierak bide emango die kaleko urbanizazio lanei: "Asko itxaroten egon gara; orain, San Roke kaleko irisgarritasuna hobetzea tokatzen zaigu".

Beste obra bat amaitzear

Elgetatik Bergararako bidean ere lanak egin dituzte azken asteetan. San Antonio parean zanga zabaldu dute, gune hartatik Arantzetara ura eramango duen hodia sartzeko. Alkateak jakinarazi duenez, lanok amaitzear daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak