Intxortako Ahuntzak Trail taldeak azaroan iragarri zuen Ahuntzen eta Antxumeen lasterketaren hirugarren edizioa. Martxoaren 16an egingo dute, eta, izen-ematea ondo joan bada ere, oraindik dortsalak gelditzen dira eta izen-emate epea astebete luzatzea erabaki dute. "Otsailaren 2ra arteko epea ipini genuen, baina 9ra arte luzatu dugu. Nagusien lasterketarako ehun bat dortsal gelditzen dira eta gazteen lasterketarako, 30 bat", azaldu dute antolatzaileek.
Berrikuntza nagusia, Egoarbitza
Bost kilometro gehiago izango ditu aurten Ahuntzen lasterketak, hogei inguru; izan ere, Egoarbitza ere ibilbidean sartu dute, lehenengoz. "Lehen edizioan kanpoan gelditu zen, baina bagenuen Egoarbitza ere ibilbidean sartzeko asmoa. Aurten izango da. Elgetako mendirik politena da, nire ustez", esan du Eleder Lozanok. Hala, Elgetako lau tontor zapalduko dituzte lasterkariek. Hurrenez hurren, Karabieta (506 m), Egoarbitza (730 m) –eta Aixolaraino (310 m) jaitsi ostean–, Erdella (682 m) eta Intxorta (737 m). "Ez da lasterketa bereziki gogorra. Marka egitera datoz batzuk eta parajeaz gozatzera beste batzuk. Inguruneak merezi du".
Iaz 300 lasterkarik hartu zuten parte Ahuntzen lasterketan eta 25 gaztek Antxumeen lasterketan. David Rua elorriarra (1.14.47) eta Oihana Kortazar elgetarra izan ziren azkarrenak nagusien lasterketan. Julen Badiola (17.00) eta Maddi Barrutia (24.42), berriz, gazteenean.
Hain zuzen ere, Antxumeen lasterketarako ere badaude dortsalak oraindik: "16 urtetik beherako gazteendako proba da. Aurreko edizioetan moduan, lau kilometroko lasterketa izango da".
- - -
Eleder Lozano: "Gogortasun maila norberak ipintzen du"
Intxortako Ahuntzak Trail taldeko bultzatzaile nagusietakoa da Eleder Lozano (Sestao, 1975). Lasterketaren antolaketan dihardu lehen ediziotik. Gogotsu dago aurtengorako ere.
Dortsal batzuk gelditzen dira oraindik, ezta?
Iaz, itxarote-zerrenda nahiko luzea egon zen, eta 50 dortsal gehiago atera ditugu aurten. Gelditzen dira, bai. Horregatik luzatu dugu izen-emate epea.
Etortzekoak dira iazko irabazleak?
Bai. Oihana Kortazar hemen izango da, eta David Rua ere bai. Uste dut maila polita izango dugula.
Aurreko edizioetan egon ez denari zer esango zenioke?
Animatzeko. Elgeta mendiz inguratuta dago, eta oso paisaia politak daude. Lasterketa honetan bakoitzak bere helburua du. Gogortasun maila norberak ipintzen du.