Energiaren Puntua aurkeztu du Debagoiena 2030 ekimenak, energia-komunitateak sustatzeko bulegoa

Miren Arregi Amasorrain 2024ko urt. 24a, 15:42

Elgetan egin du Debagoiena 2030 ekimenak bulego berriaren aurkezpena. Lagun izan ditu energia-komunitateetako, eskualdeko udaletako eta energiaren inguruan lanean ari diren Debagoieneko hainbat eragiletako ordezkariak.

Aurkeztu berri den bulegoaren bitartez energia-komunitateen sustapenerako informazioa eta bidelaguntza eskaintzea du helburu Debagoiena 2030 ekimenak. Proiektua garatzeko, Next Generation eta IDAEren laguntzak jaso ditu ekimenak.

Gaurko aurkezpenean izan dira hainbat energia-komunitatetako ordezkariak ­–Elgeta, Bergara, Leintz Bailarako Ekiola, Otxandio, Elorrio eta Errenteria–, Debagoieneko udal ordezkariak, Goienerreko, MGEP-ko, Debagoieneko Mankomunitateko, H-Eneako, Ekitermikeko eta Debagoiena 2030 ekimeneko kideak. 

Honako lan-ildoak izango ditu bulegoak:

  • Online bulegoa –energiarenpuntua.eus–: Interesa duten herritarrei beraien galderak erantzuten laguntzeko balioko duena eta energia-komunitate berriei osaketa prozesuan lagunduko diena. Dagoeneko martxan da.
  • Laborategia: Energia-komunitateen inguruan lanean dabiltzan eragileei bideratua eta informazioa partekatzeko gunea izango da.
  • Ernamuina: Energia-komunitateen ordezkariek osatua, beharrak identifikatu, soluzioak irudikatu eta elkarrekin erantzunak emateko gunea da. Elgeta, Bergara, Leintz Bailarako Ekiola, Otxandio, Elorrio eta Errenteriako komunitate energetikoek osatzen dute, baita Eskoriatzako energia-komunitatea lantzen dabilen taldeko kideek ere. Goiener, Mondragon Unibertsitatea eta D2030eko kideak ere badira Ernamuinaren parte.
  • Dibulgazioa eta ahalduntzea: sentsibilizaziora eta herritarren ahalduntzera bideratutako ekintza desberdinak egingo dira lan-ildo honen baitan.

'Eraginez Piztu'-ren baitan

Debagoiena 2030 ekimenak 2020tik martxan du Debagoienean trantsizio energetikoa bultzatzeko Eraginez Piztu estrategia eta hain justu ere, norabide horretan ekarpena egitera dator orain Energiaren Puntua, fokua energia-komunitateetan jarria duen bulegoa.

Energia eredua, erronka

Izan ere, larrialdi klimatikoa eragiten duten faktoreen artean, energia ereduarena da lehen mailako erronka: "Erregai fosiletatik dator kontsumitzen dugun energiaren zatirik handiena eta datozen urteetan kontsumitzen dugun energia murriztea eta erabiliko duguna berriztagarria izatea da helburua. Erronka horri erantzuteko tokiko energia-komunitateek funtzio zentrala bete dezaketela sinistuta gaude", azaldu du D2030 ekimeneko koordinatzaile Elena Herrartek.

Zentzu horretan, D2030eko energiaren eremuko koordinatzaile Aritz Ameztegik "lehenbizikoz, herritarrek beraien energiaren ardura hartzeko duten aukeran" jarri du fokua eta nabarmendu du, "herri eta auzoen garapena eta herritarren parte-hartzea bultzatu gura badira, energia-komunitateak direla bidea".

Debagoiena martxan da

Debagoiena duela hiru urte hasi zen energia komunitateen inguruan lanean eta gaur egun hiru energia-komunitate daude eratuta. Elgetako Ixotzen, Bergarako Berener eta Leintz Bailara osoa hartzen duen Ekiola. Honetaz gain, badira beste hiruzpalau energia-komunitate berri sortze bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak