"Batzuekin izan gara egunotan, eta kokoen bisita gustura hartuko dutela adierazi digute hainbat baserritan", azaldu dute orain dela hiru urte koko-batzea antolatzeari ekin zion Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik. "Ideia da aurreko urteetan konpartsa heldu ez den baserrietara heltzea aurten".
San Blas egunarekin, otsailaren 3an, esnatuko da Hartza Elgetan. Ospakizun eguna izan ohi da Arantzeta auzoko ermitan, eta are bereziagoa izango da aurten; izan ere, kokoen konpartsa eguerdian bertaratuko da. Gainerakoan, egun osoko festa izango da. 08:00etan, gosaria Ozkarbin; 09:00etan, koko-batzea Goimendi eta Arantzeta auzoetan; 14:00etan, bazkaria Ozkarbin; eta arratsaldean, koko-eskea Larrabilzearra auzoan. 18:00etan, Ustekabe txarangarekin elkartu eta erdigunean amaituko da festa.
Izen-ematea zabalik
Aurreko urteetan 60 bat laguneko taldea elkartu da. Jan-edanak ondo kalkulatzeko garrantzitsua da izen-ematea aurretik egitea. Horretarako aukera dago buztin gelan zabalik den erakusketan. Prezioak dira: 12 euro 20 urtera artekoendako eta 20 euro 20 urtetik gorakoendako. Prezio horretan sartzen dira eguneko jan-edanak, garraioa eta antolaketa. Informazioa zabaltzeko eta antolaketa egokirako Telegram taldea sortu zuen orain bi urte Goibekok. Telefono-zenbakia ematea nahikoa da talde horretara gehitua izateko.
Pertsonaia ugari aukeran
Kokoen konpartsa pertsonaia multzo batek osatzen du. Gorrixak edo masustak dira kopuruz nagusienak, baina badaude bestelakoak ere: mamarruak, burburixuak, sasi-kartia, emaztegaia... "Jantzi horiek prest daude. Inork janzteko kapritxoa balu, esan besterik ez du. Etorri lehenbailehen erakusketara eta aukeratu zurea".