Gaur goizean tailerretan parte hartzeko aukera izan dute 6 eta 12 urte bitarteko haur eta gazteek. Bi adin tartetan antolatu dituzte –6 eta 9 adin tartekoak alde batetik, eta, bestetik, 10-12 urte bitartekoak–.
Eguerdi partean, berriz, magia poteoa egin dute Tor eta Txoborro magoekin. Biak balorazio ona egin dute ekitaldi horrena. "Oso harrera ona izan dugu. Magia poteoan primeran pasa dugu. Jendea gustura, gu ere bai. Lagunekin egin dugu magia, beraz, primeran", azaldu du Txoborro magoak. Torrek ere, ildo beretik jarraitu du: "Oso harrera ona izan dugu. Harritu gara jendeak bazekielako zer zegoen eta oso erraza da horrela jendearengana hurbiltzea. Gainera, arratsalderako gogoa zeukaten".
Ikuskizunak arratsaldetan
Atzo eta gaur arratsaldean, magia ikuskizunak hartu du Espaloia eta atzo 130 lagunetik elkartu ziren magia bertatik bertara ikusteko. Gaur ere bete da aretoa eta, besteak beste, hurrengo magia saioak egin dituzte: Niala magoarekin karta batek aho barrura egiten duen bidaiaz gozatu ahal izan dute, baita diruarekin lotutako saio batekin.
Bestalde, Tor eta Txoborro magoek "eskapismo" bat egin dute eta bertaratu direnek ere izan dute aukera oholtzara igo eta mago bihurtzeko.
Udalaren balorazio positiboa
Maialen Arnedo Elgetako Kultur zinegotziak adierazi du asteburu "borobila" izan dela: "Uste dugu ulertzen dela magia umeendako zerbait izango balitz bezala. Famili osoarentzako egitaraua osatu nahi genuen eta ikuskizunak familia guztiarendako bideratuta izan dira. Egia da tailerrak umeendako izan direla, baina gurasoak lagunduta eta gurasoek ere izan dute aukera truko horiek umeekin egiteko aukera".
Iaz ere antolatu zuten magia ardatz duen jaialdia Elgetan: "Uste dugu horrelako kultura ekimenak egitea aberasgarria dela herriarendako. Iaz ere antolatu zen eta balorazio positiboa egin zen, jendea gustura egon zen eta ikusi genuen aurten ere aurrera eramateko ekimena zela".
Bestalde, azpimarratu du herri txiki nahiz handiek euskal kulturaren aldeko apustua egin behar dutela.