Magiaren lilurak hartuko du Elgeta, beste behin

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko abe. 15a, 10:34

Aste bukaerako kultura agenda beteta dator, baina bi hitzordu nagusi nabarmentzen dira: bi egunez lau ekitaldi hartuko dituen 'Euskal magoak on stage' magia asteburua eta Polito Ibañez kantautore kubatarraren emanaldi.

Udalak deituta, lau mago izango dira aste bukaera honetan Elgetan: Marsel, Tor, Txoborro eta Niala. Euskal magoak on stage jaialdirako etorriko dira. "Magiarako zaletasun handia dago Elgetan. Ondo dakigu hori, eta gogotsu datoz lau magoak aurtengo jaialdira", azaldu du antolatzaile lanetan diharduen Dramagiako Inma Verdosok.

Lau ekitaldik osatuko dute jaialdia. Lehenengo ikuskizuna zapatuan izango da, 18:00etan, Espaloian. Marsel magoak egingo du. "Ibilbide oso luzeko euskal magoa da. Elgetan aspaldi ezagutzen duzue. Umoretik jotzen du asko, eta trikimailu eta hitz joko asko egingo ditu zapatuan", aurreratu du Verdosok.

Domeka goizean egingo diren umeendako magia tailerrak ere Marsel magoak gidatuko ditu. "Bi adin tartetan antolatuta ditugu tailerrak, magia kontzeptu oso berezia delako azaltzeko. Marsel magoaren eskutik trikimailu batzuk ikasteko aukera izango dute umeek, baina ikasiko dute magia, batez ere, emozioen transmisioa dela".

Ordu- beteko bi tailer izango dira, 10:00etan eta 11:15ean, udaletxean. Izen-ematea zabalik egon da atzora arte.

Magia-poteoa eta gala

Magoak tabernaz taberna ere ibiliko dira. Domeka eguerdian Lola, Haizea, Bolatoki eta Maialde tabernak bisitatuko dituzte, herritarren aurrean askotariko trikimailuak egiteko. "Torrek eta Txoborrok egingo dute magia-poteoa. Ezin da gertuagokoa den magiarik egin. Jendea zur eta lur gelditzen da magoan trikimailuekin".

Domekako magia galak itxiko du jaialdia. Niala, Tor eta Txoborro magoak arituko dira. "Niala magoak sekulako ibilbidea egin du bizpahiru urtean. Proiekzio handiko euskal magoa da. Tor eta Txoborrori buruz zer esan? Azken nobedadeekin helduko dira Elgetara".

Saio guztietarako sarrerak doan izango dira.

Polito Ibañez kantautorea ere Elgetan

Kubako kantautore ezagunak bermut kontzertua egingo du domekan, 12:45ean, Ozkarbin. Emanaldia egina du egun itxita dagoen gaztetxean, baina 20 urtetik gora dira, eta sonoritatea galdu ez duen eta esateko asko daukan kantari heldu bat dator, bi hamarkadaren ostean. Bakarka arituko da Goibekok eta Ozkarbik antolatutako saioan. Sarrera 5 euro da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak