Barre egitea oso gustuko dugu Elgetan. Indartsu zatozte?
Noski baietz. Gogotsu joango gara Elgetara. Egia esan, leku guztietara joaten garen moduan. Maria Blanco zestoarra, Maialen Sorzabalbere donostiarra, Iker Plazaola oñatiarra eta laurok izango gara kafe antzokiko bakarrizketa saioan.
Bakarrizketak modan dauden. Euskaraz eta Euskal Herrian ere bai?
Gero eta umore gehiago egiten da euskaraz eta gero eta umore gehiago kontsumitzen da euskaraz. Asteburu honetan, esaterako, lau saio ditugu. Ostiralean Beasainen eta Baliarrainen, eta igandean Elgetan eta Ean. Esango nuke beste leku batzuetan baino bakarrizketa gutxiago egiten direla eta publikoa formatu honetara hezteko dagoela, baina behin hasita jendeak errepikatu egiten du. Donostiako Doka aretoan hilean behin egiten ditugu bakarrizketak, eta sarrera guztiak minutu gutxitan saltzen dira.
Eta euskaldunok badakigu gure buruaz barre egitea?
Ikasten ari gara. Oraindik ere badaude zenbait gai ukiezinak diruditenak, baina poliki-poliki ari gara bidea egiten. Umore mota asko daude, eta bakoitzak konektatzen du berearekin eta normala da hori.
Zirikatzea gustuko duzue umoristek. Komeni da domekan atzeko ilaretan esertzea?
Jendea, mesedez, lasai etor dadila antzokira. Ez dugu inor eszenatokira igoko ez ezer, baina zehaztu behar dut ez dela umeentzako ikuskizuna. Sarri etortzen dira, baina ikuskizuna helduentzako da. Egunerokotasuneko gaiak jorratuko ditugu gehien gehienetan, baina tonua eta komentarioak ez dira publiko guztientzako.