Bizipen polita izan da orduan?
Bai, sekulako esperientzia da. Castingak egin behar dituzu, oso-oso urduri zaude, dena da berria... Eta jende oso jatorra duzu inguruan; zure zaletasun berdinak dituena eta zure egoera berean dagoena... Nire kasuan oso lo gutxi egin nuen castingaren aurreko gauean –ezin izan nuen ia lorik egin– eta oso-oso urduri abestu nuen. Onartu behar dut ez zirela nire aktuazio onenak izan.
Jarraitzen duzu lehiaketa orain?
Bartzelonako probetarako hoteleko logela berean egon ginen Paul, Martin, Cris eta ni. Hirurek egin dute aurrera lehiaketan. Lehiaketa batean geunden; hala ere, ez dut batere lehiakortasunik sumatu. Orain, lehiaketaren jarraipena egiten dut eta lagunak ikusten ditut pantailaren beste aldean. Haiekin harremanetan nago eta kontatzen didate barrutik nola bizi duten kontua. Oso berezia da. Gainera, berriki izan da Elgetan Martin. Kantu bat grabatu dugu. Laster igoko dut sare sozialetara.
Hain zuzen ere, sare sozialetan jarraitzaile berri asko lortu dituzu.
Bai. Hainbat lehiaketatan hartu dut parte, baina hau beste maila bat da. Ez dut pentsatu ere egin nahi barruan egoteak zer suposa dezakeen.
Ze asmo duzu hemendik aurrera?
Esperientzia honetatik ere asko ikasi dut; nerbioak kontrolatzen ikasi behar dut. Gainerakoan, ikus-entzunezko ikasketak egiten ari naiz Aretxabaletan, eta denbora librean musika sortzen jarraituko dut. Sortuta dauzkat hamalau bat kantu, eta gustatuko litzaidake disko bat grabatzea, baina dirua behar da horretarako. Ikusiko dugu. Eta baliteke lehiaketa gehiagotara aurkeztea. Ez dut baztertzen hurrengo urteko OTra aurkeztea, adibidez.