Bi multzotan egingo dituzte Azaroaren 25aren bueltako ekitaldia Elgetan. Bihar, barikua, hitzaldia egingo du 18:00etan genero aditua den Ane Lekandak. "Hitzaldiaren helburua batez ere genero indarkeriaren biktima eta erasotzaileen gaineko mitoak deseraikitzea da. Urteetan zehar pelikuletan, albistegietan, abestietan eta abar transmititu izan den irudia ez dator bat errealitatearekin, eta honek traba gehiago jartzen ditu biktimak zein erasotzaileak identifikatzeko orduan. Aldi berean, biktima "idealaren" estereotipoa betetzen ez duten emakumeek bir-biktimizazioa sufritzen dute. Gizonekin berdin pasatzen da, munstroak direla uste badugu, askoz zailago dugu indarkeria identifikatzea; izan ere, errealitatean, ez dira munstroak eta ez ditugu estereotipo horiekin identifikatzen. Oso garrantzitsua da mito horiek deseraikitzea eta estereotipoak apurtzea genero indarkeria prebenitu, identifikatu eta behar den bezalako arreta emateko", azaldu du Lekandak.
Tailer parte-hartzailea izango dela aurreratu du mungiarrak. Amaieran, Elgetako emakume talde feministak egindako ikus-entzunezko baten emanaldia egingo da. Ekitaldia udaletxeko areto nagusian izango da.
Manifestazio zaratatsua
Azaroaren 25erako manifestazio zaratatsua deitu dute Elgetan. Mendizaleen Plazatik abiatuko da 12:00etan eta bertan bukatuko da. Amaieran, komunikatu bat irakurriko dute deitzaileek.