Zergen eta tasen igoera aho batez onartu dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 6a, 09:30

Udal osoko bilkura, martitzenean. (Argazkia: Aner Fernandez)

2024an, %1,9 igoko dira udal zerga eta tasa nagusienak. Igoera aplikatzeko adostasuna egon da bi talde politikoen artean, eta urteak dira horrelakorik gertatzen ez dela. Udal langileen, alkatearen eta liberatutako zinegotziaren ordainsariak %0,5 igoko dira.

Ondasun higiezinen zergak, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak, eta obren gaineko zergak %1,9 egingo dute gora 2024an. Neurri berean egingo dute gora zaborren tasak, kirol jardueretako tasek zein hilerrikoek. Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, ez da igoerarik izango. "EAJrekin negoziatutako ordenantza fiskalak dira", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, familia ugarien hobaria aplikatuko da. %90eko hobariak izango dira, berriz, milioi bat baino gutxiago fakturatzen duten tokiko negozioendako, bai instalazio eta obren gaineko zergan, bai irekiera tasan".

Hain zuzen ere, oposizioaren aldeko botoa jaso du Udal Gobernuak egindako ordenantza fiskalen proposamenak. "Inflazio testuingurua eta Udalaren egoera ekonomikoa zein den ikusita, zentzuzkoa iruditzen zaigu %1,9ko igoera orokorra. Hurrengo urtean, gainera, aurreko urtean baino 57.600 euro gehiago helduko dira Foru Funtsetik, eta horrek aukera ematen du herritarrei zergak gehiago ez igotzeko. Eskerrak eman nahi dizkizut, Ibon, ordenantza fiskalak gurekin negoziatzeagatik", esan zuen Iker Laka jeltzaleak.

Aurrera begirako neurriak

Negoziaketak aurrera begirako beste zenbait neurri adostea ere ekarri du. Udalak, esaterako, egutegi fiskala publikatuko du, tasa eta zerga publikoen zerrenda eguneratuko da, motor hibridoei eta elektrikoei hobari tartekatuak ezartzea aztertuko da, jarduera eta erabileren gaineko ordenantza bat definituko da, eta azterketa bat egingo da hutsik dauden etxebizitzei aplikatzen zaien %75eko errekarguak hasierako helburua bete ote duen argitzeko. Ludoteka eta gazteleku zerbitzuen doakotasuna posible den aztertu beharko litzatekeela ere esan zuen Lakak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak