Udal ordezkariek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak biharko deitutako manifestazioarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 3a, 19:46

Udalbatzako kideek aho batez onartu dute UEMAren mozioa martitzenean egindako osoko bilkuran. Gaiarekin lotuta, EAJk uztailean aurkeztutako beste bat ere aho batez onartu zuten.

Elgetako udal ordezkariek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak biharko Bilbon deituta duen manifestazioarekin. "Epaitegien esku-hartzearen aurrean", euskararen normalizazioan aurrera egin eta herritarren eskubideak erdigunean jartzea aldarrikatzeko izango da mobilizazioa.

Ez da lehen aldia aspaldi honetan epaitegietatik datozen sententzien gaia mahai gainean duela Elgetako udalbatzak. Uztaileko osoko bilkuran ere aho batez onartu zen kezka beretik abiatuta EAJk aurkeztutako beste mozio bat.

Jeltzaleen mozioak Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsean aritzea eragozten dien epaia salatzen zuen, eta adierazten zuen euskara dela Elgetako Udalaren laneko eta eguneroko hizkuntza. Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko apustu irmoa berretsi zuen udalbatzak uztailean.

Azken sententzien ostean, UEMAren mozioa da martitzenean egindako urriko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu duena. Kezka eta egoeraren larritasuna azpimarratzeaz gainera, adierazpenak ohartarazten du sententzia horiek udalerri euskaldunei eragiten dietela bereziki. Hau da, euskaraz funtzionatzeko neurri gehien hartzen ari direnei. Lege-orube sendoa ezinbestekoa dela azpimarratzearekin batera, mozioak bat egiten du zapatuko manifestazioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak